Tximiniak: memoria bat zutik

Ondare industrialaren ikur eta lekuko bihurtu dira aspaldian tximiniak, baina ondare horren okerreko erabileraren adibide ere bai, askotan. Adituek diote «interpretatu» egin behar direla, eta «testuinguru bat» eman behar zaiela; ez direla eraitsi gabe utzitako elementu soilak bakarrik.

Bilboko Etxebarria parkeko tximinia Etxebarria altzairu fabrikaren azken aztarna da. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Ez da gauza bera egotea edo izatea, eta jartzea edo erakustea. Memoria erakuts daiteke, baina irakatsi ere egin behar da. Are gehiago, erakutsi nahi den hori joan zenaren arrastoa denean, eta irakatsi behar dena joan haren oraina denean. Horixe baitira tximinia industrialak: joan zenaren arrastoa, zutikako memoria eta oroitzaren kedarra.

Eta denok dugu baten bat inguruan, edo oroimenean. Baina edukitze hutsagatik edo oroitze hutsagatik gogoratzen baditugu, badago zerbait ongi egin ez dena. Jabi Puertas Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen presidentea da. Elkarte horrek 40 urte daramatza ondare industriala sustatzen eta aldarrikatzen. Dioenez, tximinien gaia «nahiko sentsiblea» da haientzat: «Zer gertatzen da? Garai bateko lantegiak botatzen dituztenean, tximinia bakarrik uzten dutenean, guretzako ez dela adibide ona. Euskal Herrian lurra horren garestia denez, lantokiak egondako tokiak oso aproposak dira beste erabilera batzuetarako: etxebizitzak egiteko, batez ere, eta bestelakoak. Tximiniek leku gutxi okupatzen dutenez, hura bakarrik uzten dute, eta horrekin uste dute industria haren oroimena mantendu egiten dela, eta ez da horrela».

Ainara Martinez bat dator ikuspegi horrekin. Industria Ondarearen Euskal Elkarteko kidea da hura ere, eta TICCIH The International Committee for the Conservation of Industrial Heritage elkartearen Espainiako sailaren presidentea. «Ezin dut esan tximinien kontra nagoenik, zeren tximiniak ere badira ondare industrialaren zati bat, baina askotan fabrika batetik gelditzen den elementu bakarra izaten da. Baina sistema industrial oso baten zatiak dira, eta tximinia bat uzteak, batere testuingururik gabe, ez dauka zentzurik».

Puertasek nabarmendu du tximiniak «gaizki mantendutako» ondare industrialaren adibideak direla: «Adibide txarrak». Eta behin adibideak jartzen hasita, bat jarri du: «Tximinia bakarrik uzten denetan, kasu gehienetan, ez dira interpretatuta uzten. Bilbon, adibidez, Etxebarria parkeko tximinia. Han ikusten duzu, hurbiltzen zara, baina ez dakizu hor Etxebarria lantegia egon zela, eta zer-nolako garrantzia izan zuen iraultza industrialean».

Martinezek onartu du tximiniek badutela «indar ikonografiko» bat, oso erraz lotzen ditugula tximinia eta industria elementuak; tximinia kontserbatuta lotura hori «zuzenean» egiten dela, eta «oso eraginkorra» dela: «Baina batzuetan tranpa izaten da. Tximinia uzten da, eta beste guztia desagerrarazi egiten da. Baina hor zer egon da? Zer fabrikatzen zen? Nola funtzionatzen zuen? Tximinia batek ezin du hori kontatu. Kea edo gasak botatzeko elementu bat da. Arkeologo batek nekez esango du zer egiten zen han tximinia bat bakarrik ikusita. Hor galtzen dena ez da bakarrik informazioa, baizik eta identitatearen eta historiaren zati handi bat». Horregatik dio bera ez dagoela tximiniak mantentzearen kontra, baina «kritikoa» dela tximiniak bakarrik uzteko «joera» horrekin: «Guk geuk botatzen dugulako fabrika, eta guk geuk erabakitzen dugulako tximinia bakarrik mantentzea».

Azken batean, tximiniena aitzakia bat da ondare industrialari eta haren kudeaketari buruz aritzeko. Martinezena da hausnarketa: «Ondare industriala ez da bakarrik arkitektura edo ingeniaritza: atzean pertsonak daude, ohiturak, teknikak, lanbideak..., eta hasten bagara hori guztia zentzuz husten, makineria kentzen, paretak kentzen eta tximiniak bakarrik uzten... domino efektu bat da. Denboran gertuago gelditu diren gauzak direnez, ematen du ez dagoela halako galerarik, baina egia da teknika asko desagertu direla, makina askoren ereduak ez ditugula gorde... Tximiniak, horregatik, zonbi baten moduko zerbait bihurtzen dira».

Adibide gehiago

Puertasek garbi dauka hiriek eta herriek aurrera egin behar dutela, ez dagoela horren inguruan dudarik, baina gelditzen den ondarearen «interpretazioan» egin du azpimarra: «Garai bateko lantegi guztiak ezin dira mantendu, ados, baina mantentzen diren horietan interpretazioaren gaia oso garrantzitsua da». Adibide bat jarri du: «Isozaki dorreak, Bilbon. Haiek egin zituztenean, han fatxada zati bat mantendu zuten, antzinako deposituarena. Hurbiltzen zara bertara, eta ez dakizu zer den, nondik eta zertara datorren... Fatxadismoa deitzen diogu horri, adierazteko ez duela denak balio. Batzuetan hobe da dena botatzea, modu horretan mantentzea baino».

Tximinia industrialei buruzkokatalogo zehatzik ez dago, baina badago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria ondarearen katalogo bat, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2012an argitaratu zuena, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearekin batera. Nafarroako Gobernuak Patrimonio industrial de Navarra liburua argitaratu zuen 2019an, eta egileen artean dago Ainara Martinez bera. Ipar Euskal Herriko ondare industrialari buruz beren-beregi idatzitako katalogorik ez dago.

Puertasek dio Jaurlaritzako Kultura Sailaren esku dagoen hori dela beren «biblia», han daudela jasota ondare industrialaren 500 elementu inportanteenak: «Eta lortu dugu 500 horietatik 120 bat babestea. Gure lana da beste denak eta etorriko direnak babesten jarraitzea».

Eta, etorri diren horien artean,Naval ontziolaren ondarearen alde «borrokatzen» ari dira: «Badaudelako orube horretan eraikin batzuk erreferentziazkoak direnak Europan, eta oraintxe bertan ez dakigu mantenduko diren edo ez. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin nahiko harreman estua daukagu, konbentzitzen saiatzeko babestu ditzala zer edo zer gertatu baino lehen. Hori baita gure lehentasuna: balioa duen hori ez botatzea, eta beste erabilera bat ematea», azaldu du Puertasek.

«Gero eta interes handiagoa dago ondare industriala mantentzeko», nabarmendu du Martinezek: «Ez da diziplina berri bat, baina belaunaldi berrietan, unibertsitate ikasketetan-eta, sumatzen da gai horrekiko interes handiagoa. Poliki-poliki, bagoaz; kontua da industria ondare hori desagerrarazteko prozesua askoz azkarragoa dela kontzientziazio prozesu hori baino».

TICCIH elkartearen Espainiako saileko presidenteak beste aldagai bat ere jarri du mahai gainean, batez ere, industria «handi» eta ekonomikoki «indartsu eta esanguratsuen» itxieraren inguruan gertatu dena: «Ondare horren inguruko eskaera, protesta eta ekinbide asko eta asko borondatezkoak izan dira. Eta egon da halako trauma kolektibo bat, eta hor egoten da dolu prozesu bat, eta orain dolutik memoriara pasatu gara, eta hori ere azpimarratzekoa da: joera positiboa dela».

Turismo industriala

Eta joera horren barruan beste adar bat sortzen da: turismo industriala. Javier Sanchez Berdeago elkarteko kidea da: ingurumenari lotutako gaietan aritzen den elkarte bat da. Hainbat ildo dituzte zabalik, eta Turinea da horietako bat. Ibilbide tematikoak eskaintzen dituzte, eta turismo industrialari lotutakoak dira hainbat —egunotan Industrialdia jardunaldiak egiten ari dira, Gallartan (Bizkaia)—. «Turismoaren inguruan badago oinarrizko akats bat: jende askok uste du turismoa zera dela, atseden hartzea paisaia idilikoetan, eta eguzkia, hondartza eta mendia. Eta hori oso ondo dago, baina turismoa bada gizakiak duen ezagutzeko irrika hori asetzea ere. Horregatik egiten dugu turismo kulturala, etnografikoa... eta, kasu honetan, industriala».

Sanchezek nabarmendu du turismo industrialak «jendea eta dirua» mugitzen dituela: «Nortasuna eta identitatea mantentzeaz gain, aktibitate ekonomikoa sortzen du». Eta Euskal Herriak ematen du horretarako aukera: «Gure herria industriala izan da, eta industriala da. Elementu horiek kontserbatzeak laguntzen digu oroitzen eta ulertzen; baita gaizki zer egin zen jakiten ere. Herri gisa definitzen gaitu».

Bat dator horrekin Ainara Martinez, eta dio turismo industrialak «ikusgaitasuna» ematen diola ondareari. Dena dela, ohartarazi du «kontuz» ibili behar dela: «Gehiegizko etekina atera nahiaren arriskua sortzen da, eta, horrekin batera, banalizazioa eta tematizazioa ere bai».

Martinezen ustez, turismoa ondorioa izan behar da, eta ez helburua: «Guk beti azpimarratzen dugu lehena dela gizarteak berak barneratzea ondare hori kontserbatu nahi duen ala ez, eta zergatik. Orduan etorriko da zertarako hori. Turismoa ondorio bat izan behar da, eta ez helburua; lanketa baten emaitza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.