Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Urregilearen antzea

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Fusilatu esan du militarrak, ez sendatu, ez irakatsi, ez lagundu, ez egin: «Ez dago beste erremediorik 26 milioi putakume fusilatzea baino». Hamaika aditz hiztegiak, baina horixe hautatu Francisco Beca jeneralak. Espainiar «demokraziaren bermatzaileetarik» da Beca, horrexegatik ordaindu izan zaio jornala funts publikoetatik, fusilatzeko amorratzen egoteko. Darabilgun hitz bakoitzak salatzen du zer ikuspegi dugun munduaz.

Eta ele bakoitzak ludiaren zama duelako argitu behar izan du Fernando Simon, Espainiako Osasun Ministerioko bozeramaileak zergatik erabili duen hurreko hitza, eta ez familia, eguberrietako bilkuren harira. Xuxen azaldu du, politikari orori entzun nahi niokeen doitasunez: ez du edozein hitzek balio, egoera eta harreman sozial guztiak hartzen dituzten terminoak bilatu behar dira, bidegabe ez izateko familiakoak izan gabe haiena bezain harreman estua dutenekin. Esan behar zuen norbaitek, hitz bakoitzarekin justizia behar genuke gogoan.

Baina hartzen duzu arriskua, kasurako, munduko maitasun olerkirik ederrena idazteko, hautatzen duzu hitz bakoitza urregilearen antzeaz, obratzen duzu ezinezkoa dirudiena, horra bihotza paper gainean, olloa lumaz estari/ ni amorez yçerdi, zertarako eta dena gertatzeko ilun eta nahasi. Eta nork goresteko eta, bestela, eskribauaren agirian idazteagatik (mustatxa bat Giocondari), gustura fusilatuko zintuzketenek. Ez da asmatzen erraza.

Eta berba gaberik dena samurragoa litzatekeela datorkidanean, Joon Kim adiskideak kox-kox bere Twitter kontuan: «eskerrak eman nahi nizkioke euskarari, nire bizitza aberastu, korapilatu, edertu, apaindu eta bizitzeagatik». Urtebete eskas darama Euskal Herrian, ez du Beca ezagutzen, familiatik asago igaroko ditu eguberriak, urregilearen antzeaz hautatzen du hitz bakoitza.

Alferrik azalduko diot zertan garen besteen pareko. Berak esan du: edertu ahala korapilatu dio bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.