Ez da erraza ulertzen. Edo ni naiz zeharo aldrebes nabilena. Orain arte hor nengoen, «baina zuek zer nahi duzue, mediku ona ala mediku euskalduna?» galdetu izan digutelarik, sinetsita tranpa zikina dela esaldia, elebakar motzen indar-erakustaldia txikiari arnasa ere ukatzeko. Amarru dialektiko bat, azpian laketu gaitezen betiko.
Baina hara non, bakarturik gaudela, eta konfinamenduaren zakarra arintzeko, Euskaraldiak tratua egin duen EITB, Tokikom eta Topagunearekin Elkano, lehen mundu bira animazio filma emateko euskarazko toki telebistetan eta ETB3n. Horretarako arrazoirik, bada. Protagonista euskalduna duen euskaraz sortutako filma da. Eta entretenigarria; harik eta munduari bira bat bai, baina ikusitakoari bi ematen ez dizkiogun artean.
Zeren Elkano, denbora-pasa moduan, erraz ikusten baita. Umeentzako film guztietan bezala, ez da zaila abenturazale onak eta portuges gaiztoak bereiztea. Guztia da eztia. Espediziokideek itsasaldian aurkitzen dituzten zibilizazioak umetuak ageri dira, ez da ez esklaborik, ez bortxaketarik, ez gordinkeriarik, eta dena globalizazio ukitu batez ager dadin, Adani Eba nola, Pocahontas lirain bat ere topatu diote gure getariarrari, bakarrik egon ez dadin. Dibertitzeko filma da, esango zaigu, ez espedizio inperial baten kronika. Eta gainera, behin izango euskaldun bat epopeia unibertsal baten buru, eta guk uko?
Orain arte sinetsita nengoen erraza zela medikuarenak duen jukutria lotsagarri uzten, ikusi dudan arte kontua beste bat dela. Euskaltzaletasunetik filma horren garbi sustatuta, geu baikara orain galdera egiten ari gatzaizkienak. Hori bai, iruntzietara: «zuek zer nahi duzue, zibilizazioaren mintzotik bazter, basati segi, ala mediku euskalduna?».Badirudi uste aldean maiz egin genuela piper azpiratuen eskolan.
Zizelkari maori baten bila nabil, aurpegian tatuatzeko Joxe Azurmendiren Manifestu Atzeratua.
LARREPETIT
Bira bi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu