Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hizkuntza preso

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Usadio bera gatibu dagoenetik. Sartu ditu oinak zola gainean, jantzi ditu arroparik nasaienak eta hor atera da patiora, ororen begiradapean. Aurreko egunetan, markak utzi ditu porlan gainean. Ttipi-ttapa, galapa gozoan ekin dio, antxintxika bizkorragoan bigarren bueltarako. Zangoak nekatu ahala pizten zaio bihotza. Oihuka hasi denean baina, seko erotuta dagoela ebatzi dute gainerako presoek. Zeharo egin zaio, errepikatu dute funtzionarioek.

Morena alderdiko diputatu den Armando Contrerasek eman du datua: Mexikon, zortzi milatik gora dira interpreterik eta abokaturik gabe preso dauden indigenak. Elebakarrak dira asko, edo elebidunak badira, ez dakite castillarik. Horregatik eskatu dio Contrerasek estatuari jar ditzala behingoz bitartekoak atxilotzen dituzten unetik beretik defentsarako eskubidea izan dezaten, ez dadila inor preso egon bere hizkuntzaren. Eskubidea izan arren, herrena baita praktikan legea. Prozedurak akatsez josiak daude, eta ez bakarrik itzulpen arazoengatik. Askok eta askok ez zuten atxilotze-agindurik. Amarruen biktima izan dira, bestek egindako delituen ardura sinatu dute, torturapean sarri, zer sinatzen zuten jakin gabe. Esan gabe doa, epaileek ere erdeinuz hartzen dituzte kasuak. Urte luzez bizitza hondatuko dien erabakia.

Zortzi mila lagun ttipi-ttapa. Ainhoa, Leitza, Dima, Ortzaize, Errezil eta Urdiñarbeko biztanle guztiak preso. Ia Otxarkoaga guztia ziega banatan, zer gertatzen zaien ulertzen ez dutela. Borondate kontua da. Lehentasunez ari gara, eta mendeetako bazterkeriak ez du gogorik dirua itzultzailetan gastatzeko. Kontuak egiten hasita, hala da izan ere, erabaki praktikoa: garestiago ateratzen da hizkuntza askotasuna zaintzea horiek betiko desagertaraztea baino.

Eta bueltaz buelta, izerdiaren gatza datorkio begietara, ttipi-ttapa, gero eta beteago du bularra, gogoa kanpoan, inork ulertu nahi ez dizkion hitzetan oinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.