Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hortz zuriak

2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Meatzarien erreskateak halakotu zen Txile berriz ere gure egunerokoan. Maiz Argentinak estalia, Andeen eta ozeanoaren artean itoa, hor nabil dudan, ez ote nuen, nik behintzat, iraganera kondenatua. Bere garaian, harrak gobernatzen nahi genuen Pinochet Ugarte. Gaztaro suharrean fosildu zitzaigun Victor Jara. Amanda, berriz, Amanda da egun ere; maitasunaren eta iraganaren ederra. Eta halako batean, San Jose meako ikuskizunak beste neurri bat eman zion guztiari. Herrialde garatuetan zaila, ia ezinezkoa urrun horietan, miraria obratu zuten Atacaman. Zuzenean ikusi ahal izan genuen nola atera zituzten banan-banan, istriputik 69 egunera eta kohete espazial bat zirudien kapsulan sartuta, lurpean gatibu geratutako 33 meatzariak.

Ez zuen reality itxurako epopeia hark zerikusirik Pinocheten Txile beltzarekin. Orojakileek esatera, Michael Jacksonen hileta kenduta, jarraipen mediatiko handiena izan duen gertaera izan da hura. Dirutan ere neurtu da erreskatea: 29 milioi dolar. Zulotik libre, presidente irribarretsu bat zuten zain meatzariek ongi-etorria emateko: Sebastian Piñera Echenique, arrapunpa genetikoz Azkizuko semeen semea eta praxi politikoz muinerainoko liberala (Forbesen arabera, 2.700 milioi dolarreko ondasunak omen).

Duela hurran hamar urteko kontuak dira. Orduko realitytik urrun, txiletarrek munduan jarraitu dute eta Piñerak, patrimonioa liberalki gizenduta, boterea berreskuratu du. Titularretara agertu da atzera ere, ez orduan bezain hortz zuri. Metroko txartelaren prezioaren kari hasitako protestetan, 19 dira dagoeneko Piñeraren armadak, kapsularik gabe, heriotzaren zulora bidali dituen herritarrak. Pinocheten garaian legez, atxilotuek euren izen-abizenak ematen dituzte oihuka lekukoen aurrean, zer gertatuko zaien beldur.

Sarritan, ez dakit zertarako dugun hizkuntza. Liberalismoak libertatea ukatzen duen bezala ezkutatzen dute realityek errealitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.