XV. Berria Txapelketa

Nafarrak erraz nagusitu dira

Ultzamako Buruzgain eta Iruñeko Paz Ziganda Berria Txapelketako final-zortzirenetarako sailkatu dira, Zaramaga eta Markina kanporatuta

jon eskudero
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Lehenengo jardunaldian ez bezala, orekatik eta emoziotik oso gutxi izan zuten XV. Berria Txapelketan joan den asteburuan jokatu ziren kanporaketek. Nafarroako taldeak erraz sailkatu ziren final-zortzirenetarako. Ultzamako Buruzgainek 3-0 menderatu zuen Gasteizko Zaramaga igande goizez, Hernanin (Gipuzkoa), eta arratsaldez ere emaitza berarekin irabazi zion Iruñeko Paz Ziganda elkarteak Markinari, Andoainen (Gipuzkoa). Hala, Buruzgainek Azpeitiko Ilunpe izango du aurkari hurrengo fasean, eta Paz Zigandak, Usurbilgo Pagazpe.

HERNANIN

Buruzgain 3 - Zaramaga 0

Ondo sufrituta hasi zuen kanporaketa Buruzgainek, ederki kostata eskuratu baitzuen puntua kadete mailan: Martikorena eta Sarasa II.a nafarrek 22-19 irabazi zieten Sanz eta Fernandezi. Partidak lehen zati orekatua eta gogorra izan zuen, baina 8-7kotik aurrera gehiago izan ziren irabazleak. Sarasa II.ak pilota asko zuzendu zuen ezker hormara, eta aukerak egoki baliatu zituen Martikorenak. Bazirudien puntua erraz antzean lortuko zutela, baina, Sanzen susperraldiari esker, irabazteko zorian izan ziren arabarrak. Azkenean, hemeretzi tantoan geratu ziren.

Errazago eskuratu zuen Buruzgainek jaialdiko bigarren partida. Gazte mailan, 22-10 nagusitu ziren De la Fuente eta Arce Bengoa eta Fernandezen kontra. Aurrelari nafarraren jokoa izan zen nabarmentzekoa, eta ez da harritzekoa enpresa profesionalen jomugan egotea. Sakearen bitartez ez ezik, eskuin kolpez eta errematez ere min handia egin zuen De la Fuentek, eta hark eskuratu zuen txalo gehien. Arceren laguntza onari esker, ia erabakita geratu zen kanporaketa.

Izan ere, Buruzgainek aski zuen zazpi tanto egitea nagusien mailan hurrengo fasera igarotzeko. Halere, horrekin konforme ez, eta Astiz eta Sarasa nafarrek irabazi egin zuten. Mikel Rafael eta Lopez de la Calle 22-13 hartu zituzten mendean. Sarasa oso nagusi izan zen atzean, eta Astizek abiadura bizia eman zion pilotari. Mikelen errematerako ahalmena ezerezean utzi zuten.

ANDOAINEN

Paz Ziganda 3 - Markina 0

Parekotasunik gabe joan zen Andoaingo kanporaketa ere. Lehen partidatik hasita, PazZigandak nagusitasun osoa azaldu zuen. Kadete mailan, Ibarra eta Murillo nafarrek 22-2 irabazi zieten Egurrola eta Alvarezi. Egoerak hala behartuta, Markinak ordezko bikotea kantxaratu behar izan zuen, eta antzeman zen. Ibarrak min handia egin zuen sakearekin, eta Murillo ere nagusi izan zen atzean. 15-0 egon zen partida, eta markinarrek bi tanto egitearekin konformatu behar izan zuten. Gogorrago joan zen bigarren neurketa. Izan ere, gazte mailan 22-19 nagusitu ziren Lacabe eta Prim nafarrak Hormaetxea eta Azpiazu bizkaitarren aurka. Atzeko koadroetan parez pare aritu ziren bi atzelariak, eta aurrelariek denetik eduki zuten: tanto onak bai, baina akatsak ere bai. Gehienean aurretik joan ziren nafarrak, 8-6 eta 15-14 hurrenez hurren, eta, abantaila txiki horri eusten jakiteagatik, puntu erabakigarria lortu zuten.

Gauzak hala, nagusien mailan ez zegoen deus jokoan, eta Markinak ezin izan zuen lortu ohorezko puntua. Vidan eta Mina nafarrek 22-9 irabazi zieten Agirreamalloa eta Malaxetxeberriari. Atzean egon zen aldea. Mina askoz gehiago izan zen, eta aginte hori baliatzen asmatu zuen Vidanek aurrean. Agirreamalloa gogotik saiatu zen tantoak egiten, baina ur-lasterraren aurka jokatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.