Taberna eta jatetxe berezien artean, Sestaon bat. Izena ere, halakoxea zuen, William Blake, El matrimonio del Cielo y del Infierno. Borja Satrustegi donostiar margolari eta sukaldariak zabaldu zuen obreroentzat eraikitako etxe baten azpialdean. Musika klasikoa ari zela, kandelen argitan afaltzen zen: hori zenuen zerua. Infernua, berriz, leihotik ikusten zen: trenbidearen bestaldean, Labe Garaietako su eta garrek argitzen zuten gauerdia. Hara galdaren ederra, kanpotik ikustera. Aspaldiko kontuak dira.
Ez naiz gauza zehatz esateko, baina ez zirela aparte etorri esango nuke Bizkaiko Labe Garaien apaltzea eta Marcial Ucinen faktoriaren hedatzea, Azpeitian. Pixkanaka-pixkanaka, garai batean umeena eta maiteminduena zen Amubeko zubi ingurura zabaldu zen enpresa, eta errepide bestaldean, txatarra-biltegiak jan zuen mendia, Errezil bideraino. Gauetan, kondar gorriek pizten zuten Arauntza barrena. San Inazioren begiradapean, ez zeukan Urolaldeak Sestaoren inbidiarik.
Martxialenean lan egitea (hala deitu izan zaio herrian denen ahotan ibili den Corrugados Azpeitiari) ez da broma izan. Urtero hiltzen zen langileren bat istripuz. Literatura ere ez du nolanahikoa izan. Ez dakit noren aita saldatara erori eta hantxe galdu zela betiko. Artean sakelakorik ez zela, bilatzailearekin jai eta oporraldian. Lan baldintza gorriak, hori bai, parerik gabeko soldaten truke. Profila ere, jakinekoa, batez ere orduan, harremanak sindikaturik gabe konpontzen ziren sasoi hartan.
Orain, garbi antzean ikusten delarik Corrugados ez dela lehengo tokian zabalduko, ez legoke gaizki munstroaren zati bat zutik gordetzea, bertan egiteko, Sestaotik gora, Gallartan Meatzaritzarena egin den bezalaxe, Lanaren Memorial bat, batzuen infernua eta besteen zerubidea bilduko lukeena, badarik ere, William Blakez ez ahazteko: «Zer mailu? Zer kate? Zer labetan gozatu zen zure burmuina?».
LARREPETIT
Lanaren memoriala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu