Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Titanic-en gu

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Joko gaitza eman du Titanicek mendebaldeko kultura transmisioan. Belfasten, troubleen osteko hiriaren aldaketaren branka bihurtu dute hura egin zen ontziola, baina ostean, erabat bestekoa du sinbolismoa. Hans Magnus Erzensbergerrek transatlantikoaren azken orenak berregin zituen Titanicen hondoratzea poema epikoan, itxura batera irudiek erakusten zutenaren bidez islatzeko idazlearen sinesmen marxistaren gainbehera. «Titanic sindromea» deitzen zaio, berriz,Zygmunt Bauman poloniar filosofoaren beldur likidoaren ingurumariari, alegia, egunerokotasun antolatu eta zibilizatuaren babesik gabe, honen zirrikituetatik ezerez sakonera erortzeko izuari. Titanicek, izan ere, zaina jotzeko moduko elementu asko du: hondoraezina zenaren hondoratzeak, salbamendu-potinetara igotzeko borrokak eta itsaso izoztuan laguntza zain hil ziren haiek guztiak; esan gabe doa, nabarmen gehiago zenbat eta merkeagoa ontziratze-txartela.

Egunotan, ezin izan dut ez ikusi Santamarina eta Basurtuko buruena, txalupetara aurrenak igotzen, gainontzekoei arraun-zartaka. Baumanek deskribatu izuaren erdian, kamarotez kamarote erakutsi du ontzia Europar Batasunak farmazia industriarekin izan duen arrazoibideak. Golkoko emirerritarrak zein britainiarrak, gehien ordaindu dutenak igo dira lehenbiziko baltsetara. Ondoren goaz gu, eta seguru antzean gaude izango dugula tokirik. Munduaren beste hiru laurdenak ez direla garaiz igoko, oraindixe dakigu. Hondora goazela, lortutako txertoen formulak zergatik ez libre utzi eta unibertsaldu hori bada denontzat potinak lortzeko bidea, galdera arrunt lakasta da, galdera humano gehienak bezain desegokia.

Titanicek metafora izaten segi dezan, kendu beharra baitago erromantikotik duena. 3.327 plaza zituen. 2.224 bidaiari zihoazen hondoratu zuen gauean. Ontziaren jabe zen White Star Line konpainiak 1.178 lagunentzako tokia zuen prestatua txalupetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.