Belaun bat joko-zelaian inkatua, esku biak bestearen gainean, burua zut. 2016ko agorrean hasi zen dena, Ameriketako Estatu Batuetan. Partidari ekin aurretik, Star Spangled Banner himnoa jotzen hasi orduko, izan zen eserita jarraitu zuenik: «Ez naiz tente jarriko beltzak zapaltzen dituen herrialde baten bandera ohoratzeko. Futboletik harago doan zerbait da, egoista litzateke beste alde batera begiratzea». Colin Kaepernick da mintzo. «Hildakoak daude kalean, eta geuk ordaindutako poliziak libre ateratzen dira».
Gerora erabaki zuen belaunaren keinua egitea. Protestak segi zezan, baina errespetua galtzeke. Keinu apala Mexikoko Olinpiar Jokoetan Tommie Smithen eta John Carlosen ukabil beltz harroen aldean. Hala ere, bi atletak bezalaxe, mendeku politikoak fueratu zuen Kaepernick lehiaketa profesionalaren bidetik. George Floyden hilketak bizitu zuen sua berriro. Ia jan zuten Megan Rapinoe keinu bera egiteagatik. Begiz joa zuten. Lehendik konturatuta zeuden ez zuela eskua bihotz gainean jartzen himnoarekin.
Eurocopara heldu delarik, indarrik gabeko huelga baten antza hartu du belaunikatzearenak. Banderena eta poliziaren kontrako aldarriak bazter lagata ere, ez du indarrik hartu arrazakeriaren kontrako sinbolo huts gisa ere. Diskurtsoa ezaguna zaigu: ados gaude, baina ez da beharrezkoa. Eta areago, belauniko jartzea amore ematea da: «Arrazakeriaren aitzakian, nazioak makurtzea nahi dute, eta Espainia ez da belaunikatzen».
Azken batean, zer da maila honetan futbola, gerra sinbolikoa ez eta? Horra L'Equipe-ren azala Frantziak Alemaniari irabazi ondoan: «18an bezala». Nahita, bi irakurketa dituen titulua. Bata, bistakoa. 2018an, Frantzia munduko txapeldun atera baitzen, Kroaziari irabazita. Bestea, gaiztoagoa. 1918an sinatu zen Compiegne-ko Armistizioa. Alemaniak, belauna lurrean, Lehen Mundu Gerra galdu zuela aitortu behar izan zuen Foch frantses marexalaren aurrean.
LARREPETIT
Belauniko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu