Ane Irazabalek berritu dit argazkia: Sderot-eko biztanleak ageri dira muna batean, Gazaren gaineko aire erasoari begira. Arrastoari segika, gehiago aurkitu ditut. 2014ko uztailekoak dira. Israeleko banderaz inguratuta, botila hutsak, etxetik eramandako besaulkietan sasoiko gizonak. Largabistekin batzuk, lepoa luze, erne guztiak leherketei adi. Izan ere, ez da nolanahikoa ikuskizuna. Hori da azken batean argazkiek erakusten dutena, besteren sufrimendua gerrako film batean bezala ikusten ari den jende arrunta.
Parekotasunak hartaratuta, Jose Izurrategiz gogoratu naiz. Umetan ezagutu nuen, Azkoitian zegoela apaiz. Organista bikaina zen. Badu gizonak eguneroko bat, 1937ko otsailetik abuztura bitartean idatzia, gazteleraz. Balio literariorik gabekoa, horra Molaren aldeko euskaldun baten bihotz-begiak. Honetaz eta hartaz ari da, burlagarri zaio jendearen gazteleraz egiteko era, Elosu gainera igotzen da, ez edonorekin, «gure kanoien danbateko zoragarriak ikustera. Ezin zirraragarriagoa da proiektilen txistu hotsa Elgetako igoera guztian». Zehatz eta zehe kontatzen ditu ikusiak. Bizkaiko fronteari so, makineria militarrak kitzikatua, adjetibazioak salatzen duen voyeurra da Izurrategi: «Tiro eta bonbardaketa zoragarria. Jendetza bildu da mendian. Ez da halako ikuskizunik munduan. Honek ez du parekorik».
Urteek ematen duten perspektibatik ere, lizuna egiten da, ezin obszenoagoa. Ez kontatzen duenagatik, kontatzeko moduagatik baizik. Sderot Zinemako bezeroak berak, apalago ageri dira. Ez al dira oraingo erasoan 2014an bezala bildu? Eta hala izan bada, zergatik ez zaigu irudirik heldu, jendea besaulkietan soraio, inoren heriotza jolas? Agian irudiek kanpoan eragin dezaketen aiherrak beldurtu ditu gerra propagandakoak. Izan, orduan izan zen ospakizunik ere.
Ez nabil lasai. Aurkitu nahi dut zertan den nire begirada bestelakoa, albistegia irensten nabilela.
LARREPETIT
Voyeurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu