Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Fritak

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Neal Rowland, Ipar Carolinako Cubbie jatetxeko nagusiari zor omen zaio burutazioa.2003an gaude, eta Dorre Bikien kontrako atentatuaren aitzakian, Bushen administrazioa gertu dago Iraki erasotzeko. Proposamena NBEko Segurtasun Batzordera eramanda, jakinekoak ditu aurrean, Errusia eta Txina. Ustekabea Dominique de Villepinek eman dio, ordea: Frantzia ere inbasioaren kontra da eta, horretarako, beto eskubidea erabiltzeko prest ageri da.

Frantsesenganako amorru horretan egosita ebatzi zuen Rowlandek bere jatetxean french fries delakoei freedom fries deitzea. Hala bihurtu ziren frantses fritak askatasunarenak. Argialdia ez zen hutsetik sortua. Gerla Handiaren garaian, beste batzuk ziren arerioak. Orduko hartan, askatasunaren aza bilakatu zen sauerkrauta,alemaniarren betiko aza mina. Baina itzul gaitezen patata artera. Legebiltzar errepublikanoen bultzadaz, berehala heldu ziren askatasunaren fritak Kongresuko kafetegietara. Eta hala zabaldu zen erabilera, harik eta, txistea ontzeko, Frantziak konbentzitu zituen arte fritena ez dela euren asmakizuna, belgiarrena baizik.

Bego etimologia ergel honen kronikatxoa ikusteko noraino hel litekeen monopolio nahia eta zer munta duen hitzen gaineko kontrolak. Horra boterearen mintzoa: zenbat eta gehiago errepikatu, orduan eta neureagoa hitza eta esanahia. Aste honetan bertan ikusi dugu atzera ere: Espainiatik irteteke, Isabel Diaz Ayusoren askatasun aldarria irainada Francisco Javier Verdejo gaztearen pintada amaitu gabe haren ondoan. Pan, Trabajo y Libertad idazten ari zela hil zuen Guardia Zibilak.

Adibideak hamaika ditugu; hamabi herrialde eta hamahiru hizkuntzatan. Are ugariagoak zenbat eta larriagoak izan letrak: Bakea, Justizia, Progresoa…eta susmoa dut zulo berera garamatzala auziak. Alegia, hitzek ez badute esan nahi dutena esan nahi, zein ditugu bizitzeko tresnak? Ala ez da ezinbestekoa komunikazioa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.