Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Gezur politikoa

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Politikan zintzotasuna itsasoan lizarra bezain bakana dela, ez dut nik esango. Eta hala ere, uste dut janda dugula, neurri handi batean behintzat, politikariak ez duela zertan egia esan. Ez baita gauza bera egia gordetzea eta gezurra esatea. Izan ere, ohikoa da egia estaltzea norberaren makurrak ez azaleratzeko edota arerioak eraitsiko badira hala.

Besterik da gezurretan jardutea. Espainian, abailan bizi izan zen 2004ko martxoaren 14ko hauteskunde ataria. Hiru egun lehenago, 193 pertsona hil zituen Al-Qaedak Madrilen lau trenetan jarritako lehergaiez. Berehala, hil edo biziko apustu bilakatu zen egiletza. Gobernuak atoan egin zuen berea. Pedro Arriola PPko aholkulariaren hitzek ezinago argi laburtzen dute parioa: «ETA izan bada, geu nagusi; islamistak izan badira, PSOEk irabaziko du». Ordukoa da eslogana: «Gezurrik esaten ez duen gobernua nahi dugu».

Izpika dator argia ia hamazazpi urtera. Fiskaltzari bidalitako idatzian, Luis Barcenas orduko diruzainak aitortu du ETA izan zela hauspotu zuten kazetariei ordaintzeko erabili zirela PPko ezkutuko sosak. Salda horretan hil zuten espainiar polizia batek eta honen semeak tiroz eta aihotzez Angel Berrueta okina Iruñean.

Gezur politikoak ondorio humanoak baititu. Urtebete lehenago, hiru gobernuburu, Bush, Blair eta Aznar bildu zituen Durao Barrosok Azoreetan, aurrez hartutako erabakia ezagutarazteko. Iraki eraso egin beharra zegoen. Sadam Husseinek arma kimikoak zituen. Damututa agertu izan da mahaizaina gerora. Argazkiak erakutsi zizkiotela dio. Etxalarko endredamakilaren biloba izan omen zen gehien saiatu zena batzar hura egin zedin. Ezin zenbatu daitezke nahita zabaldutako gezur hark eragin zituen hildakoak. Oraindik ere, erabaki haren ondorio dira Europan sartu nahian dabiltzan asko.

Inork ez die ardura penalik eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.