Zigortua izango da ahoskeragatik inor baztertzen duena. Lan eta zigor kodea aldatzea ebatzi du Frantziako Asanbleak, eta bertan jasotzea ezingo dela inor diskriminatu frantsesa ebakitzeko eragatik, berez eta legez, lehenago sexuagatik, etniagatik edo sinesmenagatik ezin den bezalaxe.
Esan beharra zegoen? Saioan, Maina Sage polinesiar diputatuak «itsasoaz haraindikoek» jasaten dituztenak salatu zituen; Paul Molac bretoiak adibide zehatz bat ezarri zuen, ezin liteke inor telebistako esatari izan Pariseko auzo jakin batzuetako ebakera izan ezean. Jean Castex lehen ministroa izan zuen askok gogoan, «sorterriko azentua» duen Macronen kataluniar laguna. Melenchoni beti izan zaizkio barregarriak periferiako manerak: «haren hitzak zuhaitz artean hazten dira,eta zuhaitzak haren hitzen artean».
Ez da Frantziaren kasua bakarrik. Izan ere, ebakerak ez du jatorri geografiko hutsa erakusten. Hiztunaren klase soziala salatzen du maiz, edota non ikasi duen, baita ama-hizkuntza ere. Horregatik, estereotipoak sortzeko lokatza da ahoskera. Eslaviar ebakera gogorrezari den pertsonaia beti izango da gaiztoa,eta ergela zezelka dabilen afrikarra. Zentroa eta periferia, jaun-andre jantziak eta jende artaburua. Eliteak mendeak daramatza zein den zerurako eta zein zulorako erakusten, haren jan-txakurrei ere sinestarazteraino azentua beti besterena dela, norberarena beti dela garbia, aratza eta puzker gabea.
Ikuspegi soziolinguistikotik, azenturik ez izatea ezinezkoa da. Faktore askok obratzen du bakoitzarena. Eta dialektika honetan, inon idatzi gabeko ahoskera ideal horretatik urruntzen den orok ezinezkoa du susmopetik eskapatzea, horrexegatik du zailago honek pisu bat alokatzea edo lan jakin bat lortzea. Ebakerak muineraino sartua dugun egitura hierarkikoan kokatzen gaitu. Eta zurrunkeria horrek ez du askotasuna, berdintasuna eta halako pitokerietan sinesten.
LARREPETIT
Zuhaitzak hitz artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu