Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Genealogisten festa

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Eskurik esku dabil bideoa. Heldu da Joe Biden kazetari artera eta hauetako batek «hitz bat» eskatu dio, BBCrako. Bat ez, hirueman dizkio presidente hautatu berriak: «BBCrako? Irlandarra naiz!». Ateraldi zorrotza britainiarren amorragarri eta irlandazale askoren pozgarri. Pasadizoa gera liteke hortxe, edo jarraitu auskalotzen zer gertatuko zen erantzutera: «Irlandarra? Baina noizkoa, zure birraitonaren Irlandakoa ala gaur egunekoa?».Loturak askorako ematen du. Genalogistek Tipperary konderrian kokatu dute zero gunea, Ballina herrian, 1851ean, gosearen begi-begian. Bost zortzirenetan neurtu dute Bidenen irlandar odola. Hemerotekatik, luze gabe atera da Gerry Adamsek Bidenekin 2017an egindako argazki bat. Eta nola ez, izan da Bidenekin beste Kennedy bat ikusi duenik.

Emaztearen arbola ereaztertu da disekzio mahaian. Birraitona ez, aitona zuen Jilly Tracy Jacobsek Europatik joan zena. Domenico Giacoppo zuen izena, eta Gesson sortua zen, Sizilian. Giroak zertuta bera ere, etxafuegoak ahoan mintzatu da Messinako alkatea: «Oso harro gaude italiar-amerikar bat delako AEBetako presidentearen lehen dama. Gonbidatu nahi dugu, hartara bere jatorriko usadio kultural, gastronomiko eta artistikoak ezagutuko ditu».

Zer ezagun dena. Zer euskaldun dena.

Gero, europar genealogisten ospakizunaren ostean, zakarreria batu beharra dago. 2017an eztabaida zabaldu zenetik, erabakirik hartzeke segitzen du Italiak. Sinple esanda, Jacobson andereak ez luke arazorik italiar herritartasuna lortzeko, italiarra aitona, ius sanguinis du berme. Bidenek ere ez luke zaila. Alta, ez dute eskubide bera Italian jaio diren 800.000 pertsonak. Adingabeak dira guztiak, Jacobson ez bezala mintzo dira italieraz, baina auskalo nola heldutako migratzaileen seme-alabak dira.

Bai, hunkigarria behar du gosearen hondar ale bat munduaren gailurrera iristeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.