Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Gure beldurra

2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Nola ez, Borboienpeko Euskal Herrira ere heldu dira Antena 3ko infogramak harrotu dituen hautsak. Mediterraneo hegian, Murtziako mapa baten gainean, bi zenbaki. «9 immigrante» irakurtzen da goikoan; «70 pertsona» behekoan. Koronabirus kasuen pizteaz ari dira, baina txilar iharrak baino errazago hartu du jendeak sua. Zer den hori, immigranteak eta pertsonak bereiztea. Noiztik ez diren batzuk besteak eta besteak batzuk. Eskola zaharra du berrimodu honek. Urrun gabe, Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariak aspaldi atera zuen albistea: «Istripua mugan: bi pertsona hilik eta hiru marokoar zaurituta». Barka eskean atera behar izan du telebista kateak, desegokia izan dela gertatua emateko modua, akats handia grafikoa.

Okerrena, baina, ahotsa jarriz gero agertzen da: «Cartagenatik ihes egin zuten bederatzi immigranteetako hiruren bila jarraitzen dute. Azken orduetan, 70 pertsona heldu dira pateretan eskualdera». Egongo da lasaituko denik pentsatuta okerra grafikoa dela, baina berez, ez dela ezer larririk esan, 70 pertsona horien barruan baitaude 9 horiek. Ni, ostera, infogramak baino kazetariaren fokuak izutu nau. 9 immigrante ihesi, hiruren bila oraindik… COVID-19a dela gaia, erraz ulertzen da 9 horiek direla arazoa, kutsatuta daudelako. Baina igo dezagun bolumena: «70 horietatik bik eman dute positibo, eta ospitalean daude».

Oilategiaren erdian, aspaldi utzi dio soilik osasun teknikarien ardura izateari kasuen jarraipenak. Prentsa epidemiologian aditu bihurtu denetik, immigranteen ehizak hartu ditu albistegiak: positiboak Atzerritarrentzako Zentro Itxietan, sasoiko beharginen artean Lleidan, izen eta guztiko ostatuan Ordizian…

Beldurra librea da, dioskue. Baiki. Baina eskertzekoa litzateke, distantzia sozialaz ari garelarik, garbiago azaltzea zertaz ari garen zehazki, eta nork ematen dion jaten gure beldurrari, eta zergatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.