Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Tebas Telecom

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen? Doiaz gorantz datorren letania da Laboaren ahotsa hitzak banan-banan aletzen. Liburuetan errege izenik baizik ez da ageri. Elementu, etsenplu, irudi bakoitzarekin handituz doan olatua da Brechtek Sekulabelardiko kantariari ezpain artean utzi diona: Babilonia porrokatua, Lima distirant hura, Txinako harresia... entzulea bildu ahala, mundua beste begi batzuez behatzera daramana. Hamar urtez behin gizon handi bat. Nork ordaintzen zituen haren gastuak? Zastada. Zer jende anonimo gordetzen da gertakari handien azpilduretan? Zenbat bizikizun zapuztu ditu Historiak bakan batzuk soilik luzitu daitezen?

Kontzientziari eginiko aldarri bikaina da kantua. Behin jabetuta, amaierarik gabeko loop bilakatzen zaio entzuleari: Anoetako estadioa egiten hil ziren portuges langileak, noiz gogoratuko ditu klubak? Zenbat dira dagoeneko Abiadura Handiko Trenaren obretan beren bizitza utzitakoak? Zelan zuten izena Bilboko superportuan hildako beharginek?

Hatz salataria ezarri zaio asteon Parisen Tebas modernoetako bati. France Telecom epaitzen ari dira, egungo Orange. 2007 eta 2010 bitartean bertako 19 enplegatuk egin zuen bere buruaz beste. Hauez gain, dozena bat izan ziren saiatu zirenak; depresioa, berriz, ezin konta ahala kasu. Kontua da enpresa pribatizatu zenean, 22.000 lanpostu zeudela soberan, zuzendaritzaren arabera. Akoso morala izan zen aukeratu zen estrategia langileak beren borondatez joan zitezen. Emaitza, esan dugu. Kasuak badu berezitasunik oraingoan: sistema bera ari dira epaitzen, ez batzuek besteei egindakoak; alegia, onartu egin da biolentzia estrukturalak bultzatu zituela langileak beren burua botatzera.

Eta hala, garapenaz ari zaizkigula, punta-puntako enpresez eta ez dakit zenbateko hazkundeaz hordi, zaila da Laboaren ahotsa ez entzutea, Brechtek ezpain artean utzitako hitzak doiaz gorantz, olatu bihurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.