Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Mohawkak Baztanen

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Beldur gaberik sartu dira makinak hespiletan. Harago, zuhaitz harroak eramango dituzte bulldozerrek, lurrarekin berdinduko guztia. Hala ageri da nonbaiten diseinaturiko planoan: golf zelai eder bat hemen, etxebizitza apainak inguruan. Ez bertakoentzat, noski. Ez da bertakoek eginiko egitasmoa, ez da bertakoekin adostua, baina zer axola dio horrek denen onerako izanen bada. Epaitegia ere alde mintzatu da. Orain itsu daude, baina egunen batean ikusiko dute, eta eskertuko diote denon ongizatearen aldeko buru argiek. Nabarmen irabaziko du ingurune zokoratu honek.

Makinak sartu direlarik, alabaina, behaztopa aurkitu dute arboladira heltzerako. Elkarri loturik daude, oihu egiten dute, deiadar, orro, hain da basa mendiek eta mendeek animalia bilakaturiko jende hau. Inork nahi ez duena egitera behartu dute gobernua. Polizia bidali da, baina orroek gorago egiten dute, eta ez da ona, gero eta urrunagotik aditzen baita zertan dabiltzan munduko toki baztertu honetan.

Orduz gero zer gertatuko den, badakigu. Armadaren unitate bereziak heldu direlarik, gasez eta gainontzekoz erasoko diete barrikadei. Helikopteroek zelatatuko dituzte zeru gainetik. Tiroak bi aldeetatik. Hala hilko da polizia bat, oraindik aski argitu gabeko heriotza da. 78 egunen ondoren, negoziatzera eseri beharko dute alde biek. Amaiera ezaguna zaigu: planoan ustelduko dira etxeak eta golf zelaia.

Orain 31 urteko gertaerak dira, mohawk jendearen lurretan gertatu zirenak, Kanadako Quebec eskualdean. Baina ez gaitezen tronpa. Aroztegiarekin izan litezkeen antzekotasunak kasualitate hutsa dira. Bertako biztanleekin adostu gabeko proiektuak izateak biak, eta espekulatzaile bakan batzuen faborekoak, ez ditu pareko egiten. Kontra ageri direnen atabismo primitiboa, horrexetan dira bi ur tanta haiek eta hauek. Ez datza, hain justu horretan, Dolores Redondoren trilogiaren arrakasta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.