Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bulldozerraren azpitik

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Mende akabailan sinatu zuen Frantziak Hizkuntza Gutxituen Europar Karta. Paperean, ofizialtasunik gabeko hizkuntzen babesaren eta promozioaren aldeko konpromisoa, ez besterik. Eta horixe egin zuen, sinatu, baina hodei batean gainean, ez baitzuen ondorengo urteetan indar mendrenik xahutu frantsesaren ez besteko deusen sustapenean. 2015ean, Karta berresteko asmoa azaldu zuen François Hollande jaun presidentak. Baina lanak zer hodeitan izenpetu zuten topatzen…

Tartean, konstituzioaren erreformaren kari, hizkuntzenaberriro mahai gainera. Bortitzen, Frantses Akademia borrokatu zen hizkuntza gutxituak aipatzearen kontra, hauek «nortasun nazionalarI» eraso egiten diotelakoan. Bestelakoa izan zen Sarkozyren arrazoiketa: beharrezkoa zen aniztasuna onartzea, hala «autonomistak eta independentistak» ahultzeko. Azkenik, Frantziaren ondare izendatu zituen gobernuak errepublikako 75 «eskualde hizkuntzak». Ondare. Horra Luteziako aurrien mailara ekarriak eguneroko bizimoduko mintzoak.Andde Sainte-Marierena da konparazioa: «Ondare unibertsal izan arren, latina hilik da, eta guk euskara bizirik nahi dugu».

Orain, Frantziako Asanbleak, aurrez Senatuak bezala, Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu duelarik, ate berriak zabaltzen zaizkie, itxura batean bederen, hiztun komunitateei. Lege berriak irakaskuntzan izan lezake eraginik handiena, omen, eskaintza orokortzeko aukera ematen baitu, eta murgiltze ereduari atea zabaltzen. Besterik da zer bide egin lezaketen, zinez, belaunaldiz belaunaldi administrazioaren bulldozerraren azpian milaka eta milaka hiztun beren burua ukatzeraino hiltzen ikusi dituzten herriek, ez ote den beranduegi triskantzaren osteko loratzeetan sinesteko.

Beste su bat behar nuke bihotzean, baina ezin dut ahantzi Urolako trenarena: kendu zuten berberek muntatu zuten museoa eta tren turistikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.