Ez dakit zenbat aldiz kontatu didaten mozkorraren txistea: badoa gizon bat etxera goizaldeko ordu txikietan (badakit zergatik, beti esaten da gizon bat) eta mozkor bat topatzen du lau hankan, zerbaiten bila ariko balitz bezala. Zer darabilen galdetuta, etxeko giltzak galdu dituela erantzuten dio. Farolapean baina, ez da giltzen arrastorik. Seguru zaude hemen erori zaizkizula? Ez, diotso mozkorrak, harantzago izan da, baina han argirik ez dagoenez... Nekez txisteak baino ispilu hoberik. Irria eragiteaz gain, asko erakusten dute munduaz. Non dagoen bat bedera, zer eta zein den barregarri... eta zer eta zein ez.
2014ko udazkenean alarma guztiak isiotu zizkiguten. 1976an detektatu zenetik, aurreneko aldiz egin zuen jauzi, nonbait, ebolak Afrikatik kanpo. Madrileko ospitale batean kutsatu zen erizainaren izena ere, ikasi genuen, hainbestekoa izan zen eman ziguten beroa. Izuak tsunami itxura hartu zuen hedabideetan. The end is here. Sare sozialetako «Denok hilko gara!» hark gutxi zuen umoretik. Azkenean, ez zen inor hil; ez Europan kutsatutakorik behintzat. Halaxe amatatu zen hura, etorri bezalaxe joan zen gaia gure kezka nagusienen artetik. Afrikan bai, hiltzen segitu zuten hildakoek, baina noiztik da hori albiste.
Orain, ebolaren, behi eroen gaitzaren, hegaztien gripearen ostean Txina arrotzean saguzarrak, sugeak, auskalo zer piztiak auskalo zer gizakiri auskalo nola kutsaturiko birusak berriro ere europarrok dardar batean jarri gaituelarik (gerra baten lana egingo omen du: purga demografikoa), mozkorraren txistea etorri zait. Eta txinatar oro iraineraino susmopean dugula, ez dakit ohartzen ote garen nor den nor fokalizazioaren ixtorio barregarri horretan. Bost axola giltzak non dauden. Farolapean bakarrik begia, uste ez duguna gara. Nor eta geu txisteko mozkorra. Geu; orojakileok, solidariook, etika unibertsalaren apostoluok.
LARREPETIT
Mozkorrarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu