Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Stendhal Durangon

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Aurrerazalea zen Stendhal. Maite zuen aurreikustea zer ekarriko zion geroak. Presentean bizi ezin ziren uneak, futuroan kokatzen zituen, eta hala egiten zuen bere buruarekin ere: bera hil eta laurogei urtera imajinatzen zuen izango zutela bere liburuek bizirik izan zen artean ezagutu ez zuten ospea. Kontua da Historia oso dela kapritxosoa eta, inongo errukirik erakutsi gabe ametsekin, idazleak susmatu ere egiten ez dituen gertaerak ezartzen dituela egutegian. Halaxe gertatu zitzaion Jack Londoni ere Altzairuaren orpoa (1908) distopia ezagunean. 1914tik 1918ra bitarteko tarteak langile mugimendu handien garaia izan behar zuen. Justizia sozialaren bidean, oligarkiaren eginbide ankerra zapuzteko ahaleginean arituko zen jende xehea. Historiak beste zerbait zuen gordea, ordea. Kasualitatea, 1914-1918 tartea Gerla Handiarena da. Hamar milioi soldadu hil ziren frontean; zibilak, ia beste horrenbeste. Gerra hondarrean, gripe pandemia batek eman zion errematea Europa zaharrari. Historiak, bistan da, ez ditu idazleen fantasiak irakurtzen.

Urte asko eman du lagunak Durangoko Azokara etorri gabe. Eta asko Jack Londonen bizialdia bestekoa ez bada ere, Silvia Plathena baino dezentez handiagoa da. Kanpoan ibili da laguna. Kanpoan izan dute. Hainbeste urteren ondoren itzuli denean, urte hauetan guztietan imajinatu gabeko egoerak besarkatu du. Zoratzen dabil. Joan zenean baino askoz jende gehiago sentitzen du euskaraz kalean egunerokoan; Azokan, mira eginda begiratzen dio sortzaileen eta bezeroen arteko olatu humanoari. Inora mugitu ez garenon aldean, bestelakoa du perzepzioa. Ez garela lortutakoaz ohartzen errepikatzen du.

Gazteagoa nintzela, neu ere jolas egindakoa naiz etorkizuna imajinatzen. Stendhal eta London baino are iragarle okerragoa, lagun itzuliaren begirada izan nahi dudala agindu diot neure buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.