Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zuritasunaren festa

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hasieran Espainiako Erresumaren aldia izan zen, eta denok ikusi genuen zer zegoen bosgarren mendeurrenaren kari antolaturiko ekitaldien atzean. Kulturen arteko topaketa gisa erakutsi ziguten hura genozidioaren ospakizuna zen, ez zegoen benetako gogoetarik ez bestelako begiradarik gertatuaz. Orain bozketa egun orori «demokraziaren festa» nola, «Hispanitatearen festa» deitu zitzaion 1992ko mozkorraldi patriotiko hari, eta guk (diferenteak, formatuak, kritikoak beti) atoan hartu genion usaina.

Gero Elkanoren txanda heldu zen, eta nola Oasiak ere bere mitoak behar dituen (ahal bada unibertsalak, homologatuak) igo beharra zegoen olatuaren zurda gainera. Utikan 92 hartatik ikasita, moldatu egin zen diskurtsoa, ustez. Elkanoren balentriak ez zuen zerikusirik proiektu inperialista batekin, euskaldunon izaera ekintzailearekin baizik. Gu ginen onenak munduan itsasontziak egiten, ozeano zakarrak lemaz goldatzen. Jende ausarta izan gara beti, begiratu bestela bost mende ostean gure enpresei, teknikaren berri ona zabaltzen urbi et orbi.

Evo Moralesen kontrako estatu kolpearekin, orduan bezalaxe etorri dira gertaerak, ordea. Zuriak indioa zapaldu du. Demokrazia eskean dabiltzanek itxura fisiko hutsagatik iraindu, jazartu, hil dute bestea. Wiphala kendu dute masta publikoetatik, Bibliarekin sartu dira gobernu egoitzan. Disimulurik gabe, itsusiaren, ezjakinaren, pobrearen kontrako ehiza mendekaria da Camachorena eta Mesarena. Hamahiru urte ez dira nahikoa izan bostehun urteko arrazakeria desagerrarazteko.

Onkerian erori gabe, gauza bat geratu da argi. Hispanitatearen festazaleak, Oasiko apostoluak, Europa kultuan hitzetik hortzera «demokrazia», «unibertsaltasuna», «giza eskubideak» darabiltzatenak, kolpetik isildu dira. Hala komenita, gorde egin dituzte irudiak, mutuarazi hitzak. Orduan bezalaxe, atera egin dute Bolivia mundutik.

Zurikeria horrelaxe garbituko dutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.