Batzuk jokoan bezala ari diren artean/ langileak oraindikan hiltzen dira lanean…
20 urte zituen Luis Enrique Sorianok hilik aurkitu zutenean, laster beteko dira bi urte. Egunotan jakinarazi da akordio judizialera iritsi direla familiaren abokatuak eta enpresaren ordezkariak. Ondorioz, kalte-ordain ekonomikoa jasoko dute etxekoek lanean eragindako min eta kalte moral eta materialengatik.
Lan Ikuskaritzak arau-hauste larriak ikusi zituen Sorianoren kasuan: legeak onartutakotik gorako orduak egiten zituen, zegokion oporraldirik ez, bestelako tratua ematen zioten gainerako langileen aldean. Lanera joan zen azken egunean, ika-mika gorria izan zuen nagusiarekin, txarki egindako pieza bat zela eta. Hurrengo egunean, egun handia inon bada San Inazio bezpera Azpeitian, lanera joan beharra izango zuen.
Deserosoa da bere burua bota duen langilea. Bere latzean, samurragoa zatekeen denontzat Soriano in itinere hil balitz, edo istripuz bestela, edo zabarkeriaz, txarren-txarrenean. Baina, hamaika ertz dituela jakinagatik, galdera handiegia da suizidioa ez sinesteko erabakiak ez duela zerikusirik baldintza sozio-ekonomikoekin eta pertsona moduan batean eta bestean jasotako tratuarekin.
Eta deserosoa da, batez ere, Soriano etorri berri samarra zelako, Dominikar Errepublikatik, eta enpresa, aldiz, herrikoa delako, ez multinazional bat. Lehenaz gain, horrek ere asko zailtzen ditu elkartasun jarrerak. Arnasguneak hori ere bai baitakar, halako lausotasun bat zenbait gairekiko, nola egin ezezagun baten alde ezagun baten kontra, ezikusiarena egin nahi, baina ispilu salatari hori aurrean, artikulatzen oso zail egiten diren kezkak, benetan garenaren neurria.
Zurrunbiloan dabil aldarrika Rober Wyatt, Ruper Ordorikaren ahotsean: Batzuk oso ongi ari, besteak lur jota/ ez kezkatu azkenekin, irabazleen sasoia da.
LARREPETIT
Ez kezkatu azkenekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu