Euskalerria deitzen zen, H-a ETAkoena zelako, marxistena eta Infernuko Txikitorena. Franco hil baino hilabete lehenago ekin zioten emisioei, TVEk Bilbon zuen egoitzan. Ordu erdiko saioa ostegunero Telenorten. Atzean, zirrikitu bat eta subkontrata kulturala: Joxemari Iriondo, Juan Mari Iraolagoitia, Manu Oñatibia, Xabier Kintana... Irratian zaildutako jendea bitartekorik gabeko egitasmoa abiarazteko. Baina hantxe familia guztia telebistaren aurrean esatari bat euskaraz estrainekoz entzuteko. Adikzioa ez zen Goenkale-rekin hasi, Pinpilinpauxa-rekin ume asko da hazi.
Ez zen Euskalerria egunerokoa ulertzeko tresna. Goitik hala bideratuta, Trantsizioaren Lemariek euskara mundutik espero zutenarekin betetzen zen astean behineko ordu erdikoa: ohiturak, dantzak, bertsolariak, kirolak, ospakizunak… Zentsura tarteko, Madrildik ematen zitzaion grabatutakoari emititzeko baimena. ETBren sorrerak giltzatu zuen TVEk euskararentzat gordea zuen tarte hura. Ez dirudi ordezkapena gaizki etorri zitzaienik. Lasaitu ederra.
50 urte bete ditu Telenortek. Betiko leloa airean, «Gertuen dugun egunerokoa kontatzen dizugu», festan dabiltza egunotan. Eta nik zer dagoen ospatzeko galdetzen diot neure buruari. Zer eman digun Espainiako telebista publikoak, Franco hil eta 45 urtera ez badu euskaldunokin orduko kuota hura berdindu beharrik ere sentitu. Politikatik eta errespetu demokratikotik inork ez badu mende erdi honetan euskaraz ere emititzera legez behartu.
ETB dagoela esango zaigu, konpontzeko geure artean. Kontua da, ordezkatzearena hain nabarmena izanik, galdera berez datorrela. Alegia, ez ote duen, eta hor dago programazioa, hor aurrekontuak, EITBk orduko TVErena jo, ez ote gaituen euskaldunok kirol, marrazki bizidun eta mariatxienEuskalerria berri batera kondenatu, «gertuen dugun egunerokoa» Telenortekoen mintzo berean kontatzen zaigun bitartean.
LARREPETIT
Euskalerria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu