Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Gerezi garaia

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Pariseko Komuna 150 urte betetzen ari den honetan, Yves Montand-en Gerezi garaia jarri dut etxekoak lo direla. Halako edertasun bitxia dario kantuari. Renarden musikak ez du himno iraultzaileei eskatzen zaien su pindar mendrenik; Clementen letrak ez du, Marseillesak bezala, batailoiak eratzeko deirik. Amodio istorio baten lekuko gara. Dena da udaberriko: festan dabiltza urretxindor alaia eta zozo isekaria, maitaleek eguzkia dute bihotzean, eta haien belarrietan, gereziak dira dilindan. Baina ai, hain da laburra gerezi garaia!

Historiak lotu ditu Komuna eta kantuan ageri diren irudiak. Galdua den maitasun gaztea armadak zapuztutako ametsa izan daiteke, erraz asko; gerezi eroriak, berriz, errepresioan hildako 25.000 haien odol tantak. Kasualitatea, Komunari amaiera eman zion Aste Odoltsua bat dator bete-betean gerezi garaiarekin. Kantua ez zen beren-beregi sortua, hiru urte lehenago idatzi zuen Clementek, Flandrian barrena zebilela. Gerora eskaini zion obra «Louise anbulantziakoari», barrikadetan ondoan izan zuten emakume gazteari. Lirismoa sasoi epikoetarako.

Clementen gereziak etorri zaizkit akordura Non dago Mikel? filmetik atera berritan. Gereziak gure gaztaroko burutik beherako poltsa urratu eta arnasa hartu ahal izateko. Edertasun pixka bat belarri gainetik zintzilikatzeko, zatar mortala baita dena Merinok eta Llamasek erakusten diguten horretan: zatarra Bidasoa gaineko zerua; zatarrak kaleak, ibilgailuak eta egun margulak; ezin zatarragoa gobernadore eta ministroen larderia konpultsatua.

Bila, Orbaitzetako etxearen beroan aurkitu ditut bakan batzuk; leherrenak jo ditut aleren bat topatzeko Idoia Aierberen minean; Ion Arretxeren absurdoaren analisiak ekarri dizkit ahora. Bizitzen segi, lorearen ostean, laster etorriko diren esperantzan.

Isildu da Montand. Baina ai, hain da laburra gerezi garaia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.