Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Txikizioa

2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Boladan dauden serietan bezala, ez dio argiak erraz uzten begiari. Gauerdiko ilunpetan, laster ohitu da ikuslea. Hor du hondeamakina beilegia. Zer dabil? Beste baten kontra joka ikusten da lehenbizi, gorde egiten da enkuadretik gero, beste plano batean agertzeko biziago, goitik hartutako toma batean metalezko zezena. Eraman du seinalea dirudiena, errespetatu du auto partikular bat eta, burdinazko atea eraitsita, airoso jiratu da ezker aldera.

Gerokoa, premium bertsioa dutenek kontatuta dakigu. Nola hogei eta gehiago kilometro eginda sartu den Mercedes faktorian, nola ekin dion aparkalekuan ateratzeko gertu zeuden furgoneten kontra, 50 txikitzeko batzuek esatera, 69 besteek, harik eta zaindariak tiro egin airera, ertzainei abisua pasa eta atxilotu duten arte.

«Falling Down filman bezalaxe», egin dute konparazioa kazetariek (benetan, gazteleraz bota dute, hobeki ikusiko dugulakoan: «Un día de furia»), gutxiasko gehienoi ezaguna zaigun Michael Douglas bere onetik irtendako hura etor dakigun kontatu ahala. Ez dute Ken Loach esango. Datuak ere eman dituzte, Mercedesetik egotzia izan zela, baita makina ostu zuen enpresatik ere. Zer ikusirik ez Douglasek gorpuzten duen Foster jaunarekin. Kalean utzi duen enpresari ez beste guztiari ekiten dio Fosterrek filman; Mercedesen atxilotutakoaren bakardade etsiak, berriz, lan sistema bera salatzen du, gabon zirrikituetatik sartzen zaigun orroa: lan baldintzak, prekaritatea, etorkizun eza, normal antzean bizitzen segitzeko lain izango ote dugun... ez zaigu, ordea, ez Douglasen filman ez albistegietan, beldur hauek pertsonaren baitan eragiten duten txikiziorik kontatuko. Ez gara furgonetak. Izan ere, erraz seinalaturiko eroaz gain, egitura ekonomiko guztia zikindu behar litzateke, eta nork nahi du horretan hasi.

Mahaia jarri eta irratia goratu dut. Badator Radetzky marexala bere txalo zalditeriarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.