Drinki eta dranka jendea desorduetan Palmako pub batean. Lehendik ere jasoa zuen isuna nagusiak. Poliziak azalpenak eskatuta, ezin duela giltzatu zuritu du bere burua, «agintariak daude barruan». Hala harrapatu dute Francina Armengol, Balear Uharteetako gobernuburua barne-zurrutean, berak ezarri legearen arabera, itxia behar zuen zuloan.
A zer atarialdea ari zaigun uzten arauen eta ihesen arteko jolas hau. Abuztuaren 19koa da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren agindua, besteak beste, betebeharren barruan «bizikidetza egonkorreko taldetik kanpoko gizarte-topaketak murriztea» agintzen duena, «baita gizarte-topaketa horiek gehienez 10 lagunenak izatea ere». Iñigo Urkulluk irailaren 5ean hartu zuen kargua Gernikan. Egun horretako argazkietako batean, 23 lagun ageri dira Arbola Santuaren abaroan, 10 eta 10 eta 2, lehendakariaren bueltan. Ez ezinbestekoa fotoa, eta elkarren gainean hala ere. Hori bai, patata dioen irribarrea musukoaz estalita.
Musukoaz agertu zen bezala ertzainburu bat ETBn handik lau egunera, zera zioela, zorrotz ari zirela legea betearazten, udaltzainekin batera 10.000 salaketa baino gehiago jarri zituztela Euskal Erdian, horietako 617 maskara txarki eramateagatik. Gibelak behar dira gero. Musukoarekin bera, baina nola, galtzontzilotik kanpo zuela berdela.
Ale bakan batzuk baino ez dira, egunen batean botereari buruzko antologia batean sartzekoak.«Politikariak eredu izan behar du guztiontzat», irakurri diogu berriki Miguel Angel Revillari, Kantabriako lehendakari orain eta Sindikatu Bertikaleko buru frankismo gozoan. Eta hau dena pasatzen denean, sinetsi nahi dut baten batek idatziko duela komedia nazional bat, ez gaitezen ahaztu zer rol bete dugun bakoitzak hilabete hauetan, asaska ditzagun barruak maitasun eta heriotzazko pasiera satiriko batean.
Barrurik geratzen bazaigu behintzat.
LARREPETIT
Hau dena pasatzen denean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu