Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ken Folleten egia

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Gertaerek zertuta eta irudiek sututa berdindu dira lurrarekin, edo burugabetu, azken hiletan Cristobal Colonen estatuak Bostonen, Miamin, Richmonden... Baltimorren azkena. Askoren ezusterako, Estatu Batuetan guztiak, ez Kuban, Venezuelan edota Bolivian. Kaliforniako Kapitolioan, agintariek berek hala erabakita erretiratu dute almirantea Isabel II.arekin agertzen den irudi marmolezkoa.«Ezin ditugu iraganeko makurrak konpondu, baina denontzako etorkizun bidezkoagoa egin dezakegu», aldarrikatu du Gavin Newson gobernadore demokratak.

Estatuen kontrako oldarraldi honexen harira egin dio galdera Ken Folletti Carlos Herrerak, COPEko ahots tolesgabeak. Idazlearen erantzuna gordetzekoa izan da: «Ni ez naute molestatzen, baina, esaterako, afroamerikarra banintz, ez lidake graziarik egingo egunero esklabista baten estatuaren aurretik pasatzea».Orduan, historiarekin zer egin behar den ekin dio Herrerak. «Museoetan sartu, eta ondo azaldu nor izan zen eta zer egin zuen orduko testuinguruan».

Nago ondo azaltzen duela Follettek zertan den auziaren iltzea. Horregatik, hasiera batean amets egin badut ere pentsatzen zer museotan, non sartu beharko genituzkeen konkistaren eta kolonizazioaren gure apostolu partikularrak, azkar epeldu naiz, agudo hartu nau etsiak. Izan ere, gure herri dontsu honetan, bada agintaririk lantegi horri ekingo dionik? Nahiena! Eta museoan sartuta ere, zer? Ezen hor dago, konparazio batera, bihar zortzi Iruñean Colonen eta Felipe VI.aren irudiak sinbolikoki eraitsi zituen alderdia dela udal gobernuan, Pizarroren kapitain bat, Cajamarcako sarraskiko buruetako bat, panel batean kontestualizatua: «humanista eta abenturazalea». Turismoa ez baitago azalpen garratzetarako.

Ituan, Follettek jo du: ni ez naute molestatzen. Eta susmoa dut hemen Colon bera ere ez genukeela eraisgarri Hispanitatearen ikur bilakatu izan ez baligute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.