Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Irakurlea

2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Goiz batean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, zomorro beldurgarri bat bihurturik aurkitu zuen ohean bere burua. Zalantza izan zuen amesgaiztotik aske ote zen ala ez. Baina, bai, esna zegoen, eta egokitu behar izan zuen. Horretan pentsatzen jarri bezain laster, burua lausotu eta astundu zitzaion. Eta bere buruaren sakonean eltxoen hodei ilun antzeko bat eratu zen. Eta Gregor Samsa bilakatu aurretik, nor deabru zen?

Leihora hurbildu zen, eta leihoa zabaldu zuen. Dena urdin, urdin hutsa. Hantxe egon zen, arnasa hartzen, besoak zabalik, oin puntetan. Pendizean zegoen dena, hegora edo hego-mendebaldera, eguzkitara begira. Parkearen atzean ibaia zihoan itsasorantz. Atzean, etxearen eta baratzearen goitik zegoen zintzilik alertze-baso aldapatsu ihartu-itxurakoa. Azken etxeak ibaiaren mailaraino beheratzen ziren. Bizitza zerbait izan behar zen, eta ni horren esperoan nengoen. Gelan geratu nintzen, beraz, aulkian eserita. Poliziak ere eserleku publiko batean eseri ziren, berrehunen bat metrora.

Jainkoarren, beste egun bat, pentsatu nuen, eta ez nenbilen gogoeta atseginetan. Bai, zinez erbesteratzearen sentimena zen gure barnean etengabe generaman hutsune hura, hunkipen zehatza, atzera egiteko edo, aitzitik, denboraren ibilera azkartzeko desio arrazoigabea, oroimenaren gezi kiskalgarriak berauek.Itotzen ari nintzen eta nire eskuak alferrik zebiltzan gerrikoaren belarriaren bila askatzeko.Kale hutsak gero eta mortuago daude. Eta isiltasun hartan, telefonoak hasten dira hoska eta garrasi egiten.Mundu mailako gerra intimo eta latz batean, beste behin zeure buruari “biziraun— diozunez, beste behin erabaki duzu zauden lekuan geratzea. Samsak ere, noski, ez zekien hemendik aurrera zer gertatuko zen. Zer da egunen batean? Bihar? Ostegunean? Datorren astean?

Benetako bizipena da beldurrez bizitzea, ezta? Horixe bera da esklabo izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.