Herri bat bi letratara bildua: gain bitan Natxitua eta Bedarona; zuloan, berriz,itsasoaren bila erreka bazterrean sortua, Ea bera.
Eara bildu zen Gabriel Aresti medikuek gibelekoa diagnostikatu ziotenean 1974an, kostako haizeak mesede egingo ziolakoan. Eta Ean idatzi zituen «Ea-ko koplak», «Enaden Begiak» eta «Josepa Mendizabal Zaldibian». Itzulpenei ere lotu zitzaien:Garcia Lorca, Castelao, Paz-Andrade… Eak ezin izan zuen salbatu, ordea.
Denboragarrenera nahi izan zuen lagun batzuen gogoak Arestik herrian utzitako itzalaren gainean hastea jasotzen haren etxearen zimentuak. Hasieran Landatarren etxearen atzealdean, parrape gozoan. Literatura Eskolaren indarrak bizkortu zituen obrak. Urteekin, hango eta hemengo lagunen lanari esker eraiki zaizkio hormak, leihoak, teilatua Arestiren etxeari, bat nekatzen zenean besteak hartuz haren lekua. Hala jarri zuten Poesia Egunek Ea literaturaren erdigunean.
Orain jakinarazi zaigu amaitu dela. Denbora beharko dugu ohartzeko zer ez dugun gehiago izango, ezen Arestiren etxean haren bi munduak biltzea lortu baita urte hauetan guztietan: herrikoitasuna eta berrikuntza. Poesia zentzurik zabalenean hartuta, idazleak ez ezik musikariak, artista plastikoak, aktoreak bildu izan dira uztailero. Hitzaldiak eman dira, errezitaldiak, kontzertuak, dantza ikuskizunak, emanaldi bakarreko antzezlanak eta jendeak behin eta berriz gogoratu nahi dituen lagun arteko otorduak eta hitz-aspertuak. Ean, bazterrak jarri dira erdian.
Hori guztia eta gehiago joan zaigu, baina batez ere gauzak egiteko era bat lausotu da. Borondatezkoa izan baita lan guztia, egitarauaren diseinutik aulkien garraiora, dena ondo atera zedin, gonbidatuak eta herrira bildutako guztiak etxean senti zitezen. Zortziehun lagun bizi dira herrian. Milaka lagunentzako etxea egin dute. Nik neuk behintzat inoiz nahikoa eskertu ezingo diedan ahalduntze zoragarria.
LARREPETIT
Ea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu