Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Botoia

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Jakin-minez zabaldu nuen lagunaren whatsappa. Izan ere, ez dut edonor: kontzientzia handiko langilea, hona begira bizi da. Galegoarentzat nahi lituzkeela dio, komunitatearen harrotasunagatik, euskararen inguruan tarteka lortzen ditugun garaipen txikiak.

Nahia atoan bihurtu zitzaidan zaputz, baina. Mezu orokor bat zen, gazteleraz, Sabela delako bati botoa emateko botoi bati sakatzeko gonbidapenarekin. Lagunaren mezua, galegoz, argigarriagoa zen: «Gure babesa eman behar diogu, inoiz gutxitan egin du inork hainbeste gure hizkuntzaren alde». Dena utzi eta ordenagailu aurrean paratu nintzen. Nor da Sabela delako hori? Eta zer egin du laguna horrela pizteko? Ez nion, noski, berari galdetuko.

Agudo saretu zitzaidan lainoa. TVEko Operacion Triunfo kantu-lehiaketako finalean zegoen, antza, Sabela. Eta irabazle izateko beharrezkoak zituen ikusleen botoak, baita nirea ere. Nola ez dakidala, Galdakaoko Ainhoa Cantalapiedraz oroitu nintzen, eta Arnaldo Otegiren adierazpenez esan zuenean, orain hamalau urteko OTren edizioa irabazita, PPren maniobra politikoa izan zela guztia, hala Ainhoa Eurovisionera bidalita,«euskal herritarrok Espainiaren alde jartzeko».

Sabela ez da Ainhoa. Arrazoi du lagunak; aurkezleak diotsonean zergatik aukeratu duen galegoz abestea hain abagune garrantzitsuan, legarrik gabe mintzo da: «Hain zuzen horrexegaik, garrantzitsua delako». Zintzotasunaren indarra Sabelarena gaztelera ez beste hizkuntzak folklorekeriara kondenatu nahi dituen logika zapaltzailearen kontra. Eta ekin besteak, gurasokeriaz: «Zure lurra ordezkatzen eroso sentitzen zarelako kantatzen duzu galegoz, ezta?». Eta Sabelak: «Egia esan, eroso egon naiz nire hizkuntzan abestuta neure burua ordezkatu dudalako».

Neuretzat nahi nituzkeen punpa-lasterreko erantzunak Sabelarenak, antzeko galderak egiten dizkigutenean. Lagunak ez dit harrezkero idatzi. Ezta botoiari sakatu nion galdetzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.