Barreneraino iritsi nahi zuen bozaren omenez

Imanol Larzabalen 40 kantu bildu ditu Elkar argitaletxeak 'Imanol. Kantatzen du kantuz' antologian. Haren ibilbidea aletzen duten hainbat testu ere jaso dituzte disko-liburuan

Andres Kamio Jitu, Felipe Juaristi, Harkaitz Millan, Karlos Gimenez eta Anjel Valdes, Imanolen inguruko disko-liburua aurkezten, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Ene leiho-pean/ bada txori bat/ gau guztian kantuz/ ...et' ez enetzat./ Kantatzen du kantuz/ et'ez enetzat:/ kantatzen du ene/ maitearentzat». Jon Miranderen hitz horiei doinua jarri zien Imanol Larzabalek (Donostia, 1947-Oriola, Herrialde Katalanak, 2004). Eta pieza hura bezala, ondutako beste guztiak ere beti pertsonaren barnera iristeko xedez kantatzen zituela uste du Anjel Valdes musikan adituak. «Bizitza maite zuen Imanolek, berea eta besteena; horregatik, gizakia izan zuen hasieratik jomuga eta helmuga, eta gizakiarentzat une ederrak sortzea». Kantu ugari sortu zituen abeslariak bere ibilbide luzean, eta haren ekarpena disko-liburu batean laburbildu dute orain. Valdes arduratu da Imanol. Kantatzen du kantuz antologia apailatzeaz, eta Elkarrek plazaratu du. Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zuten lana, atzo, biziko balitz Imanolek gaur 75 urte beteko lituzkeela gogora ekarrita.

Hogeitik gora disko argitaratu eta dozenaka abesti eman zituen Imanolek lau hamarkadako bidean, eta ibilbide horren erakusgarri da disko-liburua. Hain zuzen, haren 40 abesti eta hainbat testu bildu dituzte lanean, «hasi 1960ko hamarkadako kantu politiko eta sozialekin, segi kantutegi tradizionalari egin zion ekarpenarekin, eta buka olerki klasiko eta garaikidez osatu zituen pieza gogoangarriekin». Bi CDtan banatu dituzte kantuak, hogeina bakoitzean. Tartean daude, besteak beste, Nire euskaltasuna, Mendian gora, Ilun-ikarak eta Zure tristura lehen diskoan; eta Mayo, Maitiak galdegin zautan, Ausencia, Maitia nun zira eta bildumari izena ematen dion Kantatzen du kantuz bigarrenean. Valdesek aitortu du kosta egin zaiola erabakitzea zer pieza utzi kanpoan; «hain da izugarria haren obra...». Baina uste du lortu duela haren izaera, sentsibilitatea, olerkiarekin zuen lotura, haren gaitegia eta ahotsaren garapena islatzen duen bilduma bat osatzea. «Esango nuke Euskal Herriko historiako ondarerik inportanteenetakoa dela haren obra, gaitegiagatik, kalitateagatik eta berotasunagatik».

Halaber, Valdesek berak, Elixabete Garmendiak, Karlos Gimenezek eta Felipe Juaristik idatzitako testuak jaso dituzte liburuaren hasieran, bai Imanol eta bai haren obra garaiko testuinguru politiko eta sozialean kokatzeko. Ondotik, bi CDetako kantuen hitzak bildu dituzte, baita Imanolek argitaratu zituen diskoen azalak eta fitxak ere. Abeslariaren zuri-beltzeko argazki batzuk ere badira liburuan; gitarra edo mikroa eskuetan ageri da gehienetan.

Beti hobeto kantatzea xede

Justiziari, bakeari, askatasunari, lurrari eta maitasunari kantatu zien abeslariak, Valdesek gogorarazi duenez, eta «gizakiari barne bakea ekartzeko ahalegin izugarria» egin zuela gehitu du. «Beti saiatu zen pertsonen barruraino bide bat irekitzen bere kantuaren, bere talentu erraldoiaren eta bere ahots izugarriaren bidez». Behin kontatu zion gero eta hobeto kantatzea zuela bizitzan helburu bakarra. «Sentikortasun handia zuen, eta gogo izugarria ikasteko, ahotsa lantzeko, aurrera egiteko, azkenean gizakiaren zerbitzura ipintzeko». Beti alboan izan zituen musikari «handiek» ere zerikusirik izan zuten haren exijentzian, Valdesen ustez.

Karlos Gimenez izan zen haietako bat. Imanol Paristik itzuli zenean ezagutu zuen, eta urteetan ibili ziren elkarrekin. «Beti zebilen gauza berrien bila, eta gauza asko ikasi nituen haren ondoan», gogoratu du musikariak. Felipe Juaristik, berriz, nabarmendu du «Imanolen oroitzapena» dakarrela bildumako kantu bakoitzak. «Hura bizirik dago haren kantak bizirik dauden bitartean, eta hori da musikaren indarra».

Halaber, Imanolek «Francoren diktaduraren eta ETAren totalitarismoaren aurkako konpromiso irmoa» izan zuela nabarmendu du Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak, eta haren kantuen sakontasuna eta ahotsaren berezitasuna goraipatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.