Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Detente

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Ez du egunak bakerik, ez harridurak etenik. Mexikoko presidente den Andres Manuel Lopez Obrador ageri da jende aurrean hizketan, jarduera ekonomikoak segi dezan, ez duela herriak neurri berezirik behar, koronabirusaren aurrean aski direla «zintzotasuna eta ustelkeria eza». Horiek biak eta poltsikotik aterata, eskua gora erakutsi duen estanpa. Detentea da, Jesusen Bihotzaren iruditxoa. «Gehiago ditut», esan du, «ez katolikoak soilik, baita ebanjelistak eta librepentsalariak ere». Eta hala atera ditu bi dolarreko billetea eta sei hostoko hirusta. «Hauek dira nire zaindariak», dio. Eta musuka agurtu ditu emakumeak eta bostekoaz gizonak.

Milioika lagun egunero ateratzen duenetik bizi den Mexikon, ez zaio erraza izan ezkerrari gobernura heltzea. AMLOk lortu zuen duela bi urte, kasualitatea, «Balak ez, besarkadak» leloa zuela buru. Baina horrek ez du tradiziotik atera eta, orobat, ez dabil oker. Esaten dituenak arrunt txertatuak daude jendartean: nazkamen handia dago agintariekin eta irudi magikoen erabilera zeharo dago zabaldua. Chihuahuatik Chamulara, ez doa errito horiexen bila mendebaldeko turista hara jotzen duenean?

Orain, izua ate joka dugularik, ez da tarterik ikusten hemendik. Osasuna ekoizpenaren aurretik dagoelako ari dira langileak —zein gaurkotua Balestrini!— fabrikak gerarazten. Zaldibarren bezala, politikoa da borroka: pertsona mozkinen aitzin. Eta hala, produkzioaren aldeko jarrera neoliberalak salatzen dituenak aldarrikatzen du osasun sistema publiko sendoaren beharra. Kontzientzia sozialaren garaia da, diogu. Zintzotasuna, ustelkeria eza. Eta hor sineskeriek ez dute tokirik.

Nik ere nahi nuke AMLOren fedea izan, baina badakigu zein den detentearen babes-indarra. Paparrean ikur horixe bera zutela abiatu ziren frontera erreketeak 36ko uda hartan. Asko, detente eta guzti lurperatu zituzten bueltan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.