Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Real politik

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Politika da mende berean Europa bigarrenez lurrarekin berdindu eta Alemania galtzailea izatea, handik ez hainbestera, bertako buru politikan eta ekonomian. Eta da ez nekerik gabe, azkenik independentzia lortzea eta mende bete igarota, norberarena piztu ezin eta zapaltzaile ingelesen mintzoa nagusitzea bizitzako esparru orotan, Dublinetik Galwayra. Eta da periferia guztiak anti-iraultzailetzat jo eta haiek menostea, deuseztea eta guztiz desagerraraztea, zer eta Libertatearen, Egalitatearen eta Fraternitate irusaren izenean.

Politika da nork bere buruari galdetzea, eman dezagun Jarama bazterreko edozein auzotako edozein etxetan, non dauden No Pasarán! haiek, komuneraino ere sartu badira. Eta da, logika berean, galdetzea zertarako gerraren sufrimendua ustez historiaren zuloan azpiratutako haien itzalek hartu badituzte udalak, ikastetxeak eta zer ez. Eta da, eman dezagun, Federica Montseny ezina zirudiena azaltzen bere kideei, alegia, zertarako den beharrezkoa anarkistak non eta gobernu batean egotea.

Politika da jabetzea esloganen hostoak jausi egingo direla ideien udazkenean, hizkerak oso direla ezgauzak zerbaiti betirako eusteko, eta irudiek ere arazo bera dutela jendea berotzeko arma gisa erabili nahi badira, poligrafo ankerra baita denbora zuhurren dabilenarentzat ere. Politika da ahul sentitzea zikloen dinamikan, noizean behin euforiak mozkortzea eta hurrengoan, batetik besterakoak ikusita, ezer ez ulertzea. Pesimismo bitala da eta optimismo eszeptikoa. Zalantza da eta harrokeria, hautu okerraren zama eta abarra, eta errealitatea ulertzekorik ez badakar, ez digula askorik laguntzen sinetsirik bizitzea.

Eta politika da, jakinaren gainean egonik etsia biharko kantoiaren atzean egon litekeela, ustezko erabakirik egokiena hartu beharra. Eta da, nola bizi bestela, pentsatzea ibiliak eta bideko zakarrak zerbait erakusten digutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.