Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Iraultza eta pribilegioa

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Pintadaz eman diote ongietorria Enbeitari, bertso saioaren aurretik giroa berotu behar eta: «Onintza, ospa Algortatik!». Algortako Askatasun Deiadarra taldearen komunikatu batean aurkitu dut arrazoia. Boikot deia da, «Che komandante sozialista iraultzailea iraindu eta difamatu zuen Enbeitaren» kontra, «doan tokira doala».

Iazko urrikoa du artikulua Enbeitak. Bertan, mitoaren atzeko gizonarengan jarri zuen fokua, eta iradokitzen kezka zuela, eta nahiago zuela ez jakin benetan nolakoa zen arlo pribatuan Guevara, susmoa duelako hark ere erabili zuela gizon izatearen pribilegioa.

Ezaguna da Guevara gazteak emakumeekin izaniko jarrera, berak kontatzen ditu Bidaia-oharrak liburuan: «ni kanpoan geratu nintzen, katigatu nuen beltx batekin; 16 urterekin, oilo bat baino putagoa zen»; edo Txilen dela, Pascua uhartera abiatu zain: «han ohoretzat dute mutilagun zuria izatea. Han lana, emakumeek egiten dute dena; norberak jan, lo eta haiek pozik eduki».

Horra gizarte hobe baten aldeko ikonoa beste gizon asko bezala portatzen. Orobat, gogoan dut nola erori zitzaigun Pablo Neruda, gure amodio gazteen poeta, haren memorietan irakurri genionean nola bortxatu zuen neskamea Sri Lankan kontsul zela. Eta hutsa bakarrak balira.

Iraingarria da gogoratu beharra: matxismoa orratz transbertsala da, pribiligioak mendeetan eginiko bidean barrena, gizonik atzerakoienetik iraultzaileenganaino doana. Eta hala ere, argirik badela sinetsi nahi dut. Buenaventura Durruti etxean dago, harrikoa egiten eta ume-zain, bi lagun heldu zaizkionean bisitan. Bat adar jotzen hasi zaio: «zer habil? Horiek emakumeen lanak dituk!». Eta erantzuna, braust: «uste baduk anarkista batek tabernan egon behar duela andrea lanean delako, esan nahi dik ez duala pitorik ulertu».

Alegia, etxean hasten dela jendarte justuago baten aldeko lehen borroka. Ez gabiltza ondo Enbeitaren kezka ulertzen ez badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.