Irri gaiztoz datorkit laguna, badugu orain ere. Telefonoa jo diote etxera, Jaurlaritzatik. Euskaraz, larri. Emaztearekin hitz egin nahi du, inkesta bat. Lanean dela, geroxeago deitzeko. Inmigrazioaz dela azaldu dio, migranteen bizi-kalitateaz eta. Kontua da emazteak inkestatzailearekin izan zuen interbiua kontatu nahi didala lagunak, nola elkartu ziren aurrez aurre, nola galderak bizi-baldintzez izan ziren, etxearen egoeraz, haurrek ondo jaten zuten, berogailurik bazeukaten... etorkinzunaz, nonbait. Milaka kilometrora badu ere sorterria, desegokiak egin zaizkio galderak, ez du bere burua ikusi, badaki ondoko akademiako irlandarrei ez dietela halakorik galdetu. Izenetik hasita, zer zaku handi etxetik kanpora dabiltzanena. Bera irakaslea da sare publikoan, nahiago izan du euskaraz erantzun, baina ezinezkoa izan da. Masailak gorritzen sumatu du galdetzailea. Bai, zer zaku handi.
Aspalditik dabil laguna esaten, beste bat hau, eta badaki zerbait, migrazioa dugula izan dezakegun ispilurik ederrena. Senegaleko jakiak ari ginen dastatzen kuadrilan, nagusia platerekin bueltaka genuela. Auskalo nola etorria, denbora darama herrian, beteta izaten du ostatua. Tabernako euskara, badu. Guk adorea baino gehiago galdetzeko nola egin zuen Afrikatik honainokoa. Afaria, mundiala. Ea ohartu garen, lagunak. Zertaz ohartu. Urrezko kateaz. Egia, azalean kontrastea egiten dion urrezko kate ederra darama eskumuturrean. Ea ohartu garen, berriz. Zertaz. Mahaietan ez dagoela haren herrikiderik. Alegia, zer esango dugun morroiaz egunen batean negozioa ondo badoakio eta demagun, etxe bat erosten badu itsasoari begira, garaje, zelai zati eta guzti. Eta denok, geure buruari: «Begira nola dabilen, gogoan dut nola agertu zen herrira, neuk eman nizkion umeentzako arropak».
Ispiluak, eta nolakoak, begiratzen ausartuz gero.
LARREPETIT
Ispiluak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu