Bada Elna baino herri ezezagunagorik Ipar Katalunian. Roselloko hiriburu erlijioso izana garai batean, Elnan jaio ziren 39ko urte hasieran, muga haurdun ihesi igaro zuten emakume haien seme-alabak, ia seiehun guztira. Ordurako hila zen Etienne Terrus, ametxearen ardura zuen Elisabeth Eidenbenz suitzar erizainarekin batera, Elnako pertsonarik ezagunena. Fauvismoaren aitzindari, Derain eta Matisseren oso maitea, herrian bertan margotu zituen bere obra gehienak. Egun, Terrusen museoa da, katedral erromanikoarekin batera, Elnako tokirik bisitatuena.
Orain jakin da egia. Museoko koadroen hamarretik sei ez dira Terrusenak. Milaka lagunen begi-bistan egon den horretan erreparatuta ohartu dira adituak iruzurraz: Terrusenak zirelakoan hamarkadetan museoak erosi dituen olio, akuarela eta marrazkietan ageri diren eraikinak artista hil eta gero eginak dira. Dirutan ere, neurtu du Elnako udalak kaltea. Auzapezak urtetan eta urtetan herritik igaro diren bisitariak izan ditu gogoan, zer pentsatuko duten orain. Poliziak, bere aldetik, iruzurra zabalagoa dela uste du, artista eta museo gehiago ari omen da aztertzen.
Esana zuen Edgar Allan Poek gutunaren ipuin hartan: gauza bat ezkutatu nahi bada ez dago gorde nahi dena ageri-agerian uztea baino aukera hoberik. Museoen flotazio-marran bete-betean jota, berez dator estrapolazioa. Nazioartean zein etxean, hedabideen bitartez egunero sarrera ordainarazten diguten politikaren ikuskizunaren museo honetan ere, ez du oso bestela behar. Oso gutxi da benetakoa erakusten zaigun horretatik, eta iruzurra begien aurre-aurrean dugu. Gustura entzungo nieke zenbatean neurtu duten hemen ere kaltea. Kontua da ez dela erraza, behin sarrera ordainduta, Elnaraino alferrik heldu garela aitortzea. Lekutan dago, eta gainera, nola bete behar du turistak eguna munduan barrena museo guztiak zalantzan jartzen baditugu.
LARREPETIT
Iruzurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu