Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bretzel

2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Begirik kendu gabe irentsi dut Nuria Gimenezen filma. Zer ikusten ari zara?, galdetu didate etxean, harrituta telebistan agertzen denarekin. Pantailan, emakume bat gehienetan, gizon sendo bat tarteka, ondobizi itxurakoak biak. Ez deus antzezten gainera, non eta ez den planta hutsa Europa erdialdeko matrimonio burges baten irribarre behartua super 8 kameraren aurrean. Mutua da?, errepikatu behar izan didate istorioan kateatuta ikusita, ez baita deus entzuten ia, ez solasik, ez offeko ahotsik itxuraz 1940-60 artean harturiko irudiotan. Noizik eta behin, trenaren hotsa, edo laku azaleko izotzarena irristalariaren azpian zartatzen.

Zinez film bitxia da My Mexican Bretzel. Vivian Barretten egunerokoa azpitituluetan ematen zaigularik, emaztearen kezkak, nahiak, beldurrak eta unean uneko desio printzak aletzen zaizkio ikusleari. Alde horretatik, beste asko bezalako istorio bat, amodiotik desamodiora bilin-balaunka. Baina horretarako, zuzendariak ez du irudi bakar bat hartu beharrik izan. Berrogei urtean Suitzako aitona-amonen etxeko ganbaran lo egon diren bobina zaharretako irudiez baliatu da fikzioa egiteko Gimenez, hezur-haragizko pertsonen etxerako filmazioak narrazioaren menean. Hasieratik egiten digu gaztigu, inoiz existitu ez den Paravadin Kanvar Kharjappali indiar guruaren berbak ekarrita: «Gezurra egia kontatzeko beste era bat baino ez da».

Eta nago ataka gaitzean paratzen gaituela Gimenezek manipulazioaren estrategia honekin. Fikziobiderako zilegitasun moralarena alde batera utzita, ez dakit ez ote gabiltzan, jendarte gisa, filmaren ubera berean. Alegia, azken berrogei urteetako errealitatea kontatu nahi honetan, susmoa dut hauxe bera ari garela ikusten, inoren irudiak erabilita, haienak ez besterenak direla protagonistei azpitituluetan ezartzen zaizkien hitzak, zuzendariaren arabera berregiten ditugula gertatuak, beti ere, fikzioa ederragoa izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.