Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Mamuak txokor erretzen

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ekainean zen zabaltzekoa Philip Gustoni buruzko atzerabegirakoa Washingtoneko National Galleryn. Zehatz programatua zegoen ostekoa: Houstoneko Museum of Fine Artsera lehenik, Londreseko Tate-ra eta Bostoneko Fine Artsera gero. COVID-a izan zen aurreneko aitzakia. Orain, 2024 arte atzeratu dutela iragarri dute. Lau museoek elkarrekin azaldu dutenez, azken hilabeteetan sortutako giroak egitaraua birplanteatzera behartu ditu, «ikuspuntu eta ahots osagarriak erantsiz, Gustonen obra gure publikoari egokiago erakutsi ahal izan diezaiogun». Dena ondo bidean, hogeita bost margo eta marrazki batuko zituen erakusketak, gai beraren bueltakoak guztiak: Ku Klux Klana.

KKK beti egon zen Gustonen obsesio piktorikoen artean. Bazuen arrazoi pertsonalik: hamar urte zituela, esekita topatu zuen aita, naziengandik ihesi heldutako ukrainar judua. Bolada txarra pasatzen ari zen, KKK-k ez zion bakerik ematen. Kaddish eta Lagnsner lagun zituela, eta Siqueirosek gonbidatuta, inkisizioko mamuak balira bezala irudikatu zituen Michoacanen 1934an egin zuten muralean. Artistek alde egin orduko, esbastika, gurutze eta kaputxa salatariek mindutakoek estali egin zuten obra. Orain zentsuraturikoetan indarkeria ez da horren esplizitua. Marrazki bizidunen tankerako lanetan, auto barruan doazen kapusai lasaiak baino ez dira klanekoak, zigarro puruak erretzen.

Ustezko ekidistantzia erakutsi nahian, beldurra dagoela transmititu dute museoko patronoek. Beldurra Black Lives Matter mugimendukoek KKK zuritzen ari direlakoa leporatuko dietelako. Baina beldurra, hemen eta orain, Gustonen lanek erakusten dutenagatik: praktika politiko luzearen bidez, izu eragileak jendartean ondo instalatuta daude, areago, geu ere bagara. Ez da kasualitatea: Autoerretratuak deitzen da seriea.

Azken beltzean, horretan datza zentsura: ikuslea ez da gai aurrean duena ulertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.