Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Askatasuna, berdintasuna

2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Oporretako egun bat horretarakoxe utzi eta leher eginda itzuli naiz Hong Kongetik, umeek urte osorako behar dituzten arropak erosita, ustez.

Ohe zurian etzanda, Yuval Noah Harari-ren Sapiens zabaldu eta bezperan utzitako tokian jarraitu dut. Erdi Aroko Europan, dio Hararik, noblea elizara joaten zen goizean. Bertan, santuen mundualdien berri jasotzen zuen apaizaren ahotik. «Handikerien handikeria zioen abadeak , dena da handikeria. Aberastasuna, lizunkeria, ohorea». Arratsaldean, goizean entzundakoaz gogoetatsu, jantzirik onenak beztitu eta jaun nobleagoaren oturuntzara joaten zen. Bertan, trobadoreek Lanzelot eta Ginebraren arteko irritsez alaitzen zieten iluntzea. Odola eta ohorea, hitzetik hortzera zebiltzan. Kontraesanari irteera bilatu arren, dio Hararik, ez da hau inoiz aurkitu. Bilaketa horren emaitza dira Gurutzadak, horra debozio kristaua eta ohore militarra uztarri berean biak.

Antzeko paradoxa baten gatibu gaude 1789az geroztik. Gaur egun, jendarte politiko modernoan arrunt zabaldua dagoen ustea da berdintasuna eta norberaren askatasuna oinarri-oinarrizko baloreak direla. Kontua da bi kontzeptuok berez direla elkarren antagonista. Gizabanako batek nahi duena egiteko askatasuna duela bermatzea berdintasunari egin dakiokeen iruzurrik handiena da. Ezin lor liteke berdintasuna ez bada gehien dutenen askatasuna murrizten.

Liburua zarratu eta argia itzali dut. Nekearen lainotan, ordu batzuk lehenago ondoan, aurrean, atzean mundua dudala, mundua bera datorkit, geure neurriko handikerian, behar izan duguna erosten, ez nobleen dendetan, baina libre behintzat: modeloa, neurria, kolorea. Denok dakigu non eginak dauden arropok, denok susmatzen dugu nola. Egon behar du zerbait jaka batek eguneko bi menuren prezioa balio badu.

Zenbat eta askatasun indibidual handiagoa, berdintasun sozial txikiagoa. Ez gara makalak kontraesan horrekin bizitzen asmatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.