Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Foruzaina

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun

Behingoagatik, Alfonso Alonsoren alde paratu naiz. Badira hilabeteak Alonsok foralitatearen bandera darabilena Espainiaren askotasuna aldarrikatzeko, ez dakit benetan hala sinetsita ala alderdia hauteskundeetan Euskal Erdian izaten ari den eboluzioa ikusita, estrategia desesperatu legez. Barrutik, Alvarez de Toledok egin dio zaunka oraingoan. Ekainean Alejandro Fernandez, PPk Katalunian duen ordezkaria izan zen gogorarazi ziona «PP irabazle eta hegemonikoa ez zela eraiki erregionalismoaren eta identitatearen gainean, ezpada gizon eta emakume libreengandik datorren nazio proiektu handian hartuta oinarri».

Deus berririk ez gerra irabazi zuten haien lorratzean. Zentralitatearen eta txoko-ederzaleen arteko lehia atzera ere, ezinezkoa dirudien orekaren bila. Estrategia politiko hutsa azken batean, betiko helburua gogoan: Espainia bakarrarena ez den beste edozein nazio-egituratze honetara edo hartara itotzea.

Eta Alonsoren alde diot, ez uste dudalako harena dela alderdia indartzeko aukerarik onena, auskalo, baizik eta haren «tokian tokiko berezitasunak» aditu eta, ahazbidean nituen errealitate-txatalak etorri zaizkidalako kolpetik. Hizkuntzara ekarrita, esaterako, euskarara kontzientzia-hartze larritik heldutako makinatxori orain arnasgune deitzen ditugun esparru horietako batera heldu eta konprenitzea hain gaitza zitzaien hura bat: nola izan zitekeen frankista amorratuek normaltasun inbidiagarriz erabiltzea euskara eguneroko bizimoduan. Zuzen dabil Alonso: Alvarez de Toledoren begiez ezin uler litezke Azkoitia, Ondarroa, Baztan.

Diskurtsoaren eta orain arteko praktika politikoaren arteko kontraesanez bete zait dena. Ez dute erraza, berandu datoz. Eta bestea falta botoak aiseago biltzeko. Ikustekoa izango da nola janzten duten hemendik atzera «bertako berezitasunaren» kontu hau. Trabesa egina dago: eskuina eta nazio forala. Izango dute norekin lehiatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.