Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Fraide berriak

2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Fraideek baino gehiago eskatzen duk», esaten genuen lagun artean gauzak bestela ziren garaian, konparazio batera, hurkoarenak gogoa piztuta, batek besteari laranja atal bat eskatzen zionean. Eskatu, agerian behintzat, izan Domunderako edo Caritaserako, elizako jendea baitzen eskatzen zuena. Zeru zatia genuen ordainetan.

Kuestazioarenak, baina, bide zabalagoak hartu zituen geu ere nagusitu ahala.Boletoekin, errifaren saria izan zezakeen borondate onak, eta izan erretako baserri bat, ikastola, presoak, herriko kirol taldea, euskaltegia, ikasketa bidaia edo egunkari proiektua ... beti egon da zeren alde eskatu eta zeren alde eman herrigintza deitu izan den mataza indefinitu horretan.

Denborarekin, eta teknologiak urrunekoa gerturatu arau, mudatu egin dira sos biltze moduak. Eta hala, ohartu orduko, lapiko itsuaren anonimotasunetik emailearen banitatea asetzerainoko bidea egin da. Oparia segurua duzu, eta hainbeste gehiago emanez gero, agintzen zaigu, zure izena agertuko da halako tokitan, itzal handiko egitasmoetan bankuen edota enpresen logoak ageri diren gisa berean. Akatsik gabe idazten ikasten ari gara crowdfunding.

Baina ez ditugu fraide berriak etortzen ikusi. Ehun mila euro eskatzen dizkigu Guggenheim fundazioak, zertarako eta Puppy txakurraren lore-aldaketarako. Ausartu egin dira. Eta hor, alferrik leporatuko diegu bertako garbitzaileenseiehun euroko jornala, soldata duin baten alde daudela greban, iraingarria dela diru eskea. Zoritxarrez, ez du argudio horrek indar handirik hiriaren ikono bihurtu den mustroaren parte izateko tentazioaren kontra. Ez baita diru beharra museoarena.

Zeru zatia ez, horra fraide berrien saria: Guggenheim fundazioaren soldadu ideologiko izatea, noiz eta Urdaibaiko proiektuak nork defenditu beharra duenean.

Nekez jokaldi perfektuagorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.