Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Garai zailak

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Garai zailak datozkigu. Errealitate ekonomikoarekin ilunduko zaigu zulotik irtetearen poza. Zor publikoaren oihartzunekin iratzartuko gaituzte eta murrizketa hotsekin lotaratu. Hiztegi horrekin, zaila izango du ondoen dagoenak ere beldurrari aterik ez zabaltzea. Orduan, gurekin zertan gastatzen duten argituko digute, eta zertan lotu beharko ditugun ametsak aurrerantzean.

Garai zailak datoz eta, gastu sozialen atalera heltzen garenean, sasoi hobeetan ahaztuxeago ditugunak izango ditugu mintzagai atzera ere. Zurrumurruek oldar atabikoaren indarra hartuko dute, hamaika pasadizoz loratuko ditugu lagun arteko solasaldiak. Eta hor ez da kasik nabarituko nork ematen dion botoa nori, hain dago ondua soroa: haientzat izango da guri eta gure seme-alabei ukatzen zaiguna. Kanpoko nagia sarituko da eta bertako langilea zigortuko.

Kasualitatearen ederra, alarma egoeraren erdian mintzatu da Ikuspegi, Inmigrazioaren Euskal Behatokia: Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertan bizi diren atzerritar jatorriko herritarrek administraziotik jasotzen duten baino gehiago ematen diote bertako ekonomiari. Halako bi. Ez dut uste gainerako lurraldeetan emaitzak bestelakoak izango direnik.

Eta ni, hain petral administrazioarekin beste hainbat arlotan, poztu egin naiz Ikuspegiren ikerketaren ondorioak han eta hemen zabalduta ikusi ditudanean. Inoiz behar, eta garai egokian dator mezua, jakin nahi duenak haren berri izan dezan. Gero, oraindik zuloan gaudela akordatu, eta azken asteetako pare bat irudi datozkit gogora, inmigrazioa ekonomiari ekarritako onurekin lotzen ez dutenak: gormutu bat ertzainek egurtua Bilboko San Frantziskon, ez dakit zenbatgarren hildakoa Zaballan; jatorriak erabat baldintzaturiko gertaerak bi-biak.

Eta amets egin dut garai zailotan. Zein ederra litzatekeen berak sortutako literatura irakurtzea administrazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.