Gizon bat, itxuraz lo, aurrezki kutxa bateko atarian aterpetua Durangon. Beranduegi dela iritzita, mugitzen ez eta deia larrialdi zerbitzuetara. Joan zaizkio, eta hilda. «Gorpuak ez du indarkeria zantzurik» lasaitu gaituzte. Eta hala, ez duela tirorik ulertu dugu, ez dutela labanaz sastakatu, ez diotela harri batez burua txikitu. Indarkeriarik ez. Berez hil da. Zein garrantzitsua den hitzen jabe izatea.
Berez. Langarra Urkiolako landetan bezala. Bigarrena urtea hasi denetik. Izena ere eman zaigu: Jaime. Abizenik gabeko ponteizena behinik behin, ez dezan gure memoria flakoak Mediterraneo ertzeko hilerri batean lurperatu faktura batena dirudien zenbakiz: 2020-02.
Tamalez, ezin gordinago salatzen gaitu borondate onenak ere. Biluziago gu, duindu nahian, Jaime deituta dolareak indarkeria basaz xehatu duen gizonari. Horra munduaz dugun ikuskera, hedabideek multiplikatua. Izan ere, izen hutsa, eremu pribatutik kanpo, zer da eskema hierarkiko batean azpikoa azpiratzeko beste era bat baino? Mariak adierazi du? Jean Rene hil da? Iñigo izango da zerrendaburu Arabatik?
Horrexegatik eteten du behin eta berriro Euskadi Irratian Maite Artolak gonbidatuen jarduna: «Bata Sanchez bada, edo Iglesias, bestea ez da Cayetana». Patriarkatuaren mekanismoetarik bat uzten du horrela agerian Artolak; hain barneratua, ez dela borondate txarrez egina. Eta matxismoa dena han, klasismoa da hemen. Izena emateko eratik hasita, batzuk eta besteak desberdin deituta, etxekotuak ditugu erabat subordinazio mekanismoak.
Jakina, beti daukagu esatea, aurrezki kutxako zimitoriopean aurkitutako etxegabearen kasuan, ez dagoela zertan erabat identifikatu, errespetua zor zaiola hilari. Eta hala da. Kasu partikular honetan, ez litzateke aldrebesa harena erabat gordetzea ere, zertarako eta hiltzailearena lau haizeetara aireratzeko.
Zeren bada, izango du izena ere.
LARREPETIT
Jaime
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu