Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Azken euskalduna

2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Apokalipsia hemen dela bere lau zaldunekin, jana dugu. Data ere eman zaigu, gauzak ikaragarri aldatzen ez badira behintzat. 2050erako desagertuko dira, omen, kakaoa, kafea eta platanoa. 2050erako urtuta egongo dira, omen, munduko glaziarren herenak. Eta 2050erako mututuko da betirako, bihotz-belarriak ernatu ezean, euskara Iparraldean. Hala jakinarazi dio Euskal Konfederazioak Euskararen Erakunde Publikoari. Neurri politiko-sozialak hartu ezean, fini euskara.

Luis Luziano Bonaparte printzeak 1867an Mariano Mendigatxa ezagutu zuelarik, sasoiko gizasemea zen hau. Euskara harreman hizkuntza zen artean Bidankozen. Euskaraz mintzatzen zen amarekin, emaztearekin, seme-alabekin eta herrikideekin. Handik 35 urtera Azkuek ezagutu zuenean, aldiz, neguan sartua zegoen gizona eta neguan hizkuntza. Mintzoari eusten bakarra zen Mendigatxa herrian, abantzu beste guztiek galdua zuten. Glaziarra lurmendurik, azken izotz-munatik idazten zion azken euskaldunak apaiz handiari Bilbora. Oraindik ere, jo eta ma uzten zaitu gutunei darien bakardade minak.

Eta karroin-lapatsetan plisti-plasta gabiltzala, hara non ohartarazten zaigun, hitzez hitz, «erronka berri bat dugula euskaldunok», orain artekoak zaharrak bagenitu bezala. Milaka ahots behar dira, omen, «makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten». Ez da asko eskatzea. Gure ahotsa, horra Adimen Artifizialak behar duen odola etorkizunean euskaraz egin dezan. Ekimena sustatzen erakunde ofizial guztiak, besteak beste, orain artekoa baino gehiago egiteko galdatzen zaion Euskararen Erakunde Publikoa.

Eta orduantxe ohartu naiz ez duela inork kezkatzeko motibo handirik, ez behintzat azken hiztunaren sufrikarioa pairatzeko. Deitzen hasita Mendigatxa GPT dei dezaketen makina batek segituko baitu kalakan hondarreko hiztunaren ezpainak lehortu eta gero ere. Nori jardungo dion, horixe ez dakit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.