Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Honi ez

2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Bi mundu bereizi zituen pegatinak. Kasko bat iraulita, barrutik lore bat ateratzen zitzaiola. «Ejerzitorik ez»,zioen. Eta berehala eztabaida, ez nolanahikoa orduan: zergatik ez «ejerzito honi ez». Bazirela herri armadak, zerikusirik ez zutenak soldaduskara eraman nahi gintuen espainiar ejerzito zapaltzaile harekin, zioten batzuek. Hortik desadostasuna, leloak baztertu egiten zituela mundu hobe baten alde armak hartzen ari zirenak. Ez deskuidatzeko, besteek, logika militarista garaitzea zela borroka, utikan edonongo armadak.

Ez zen hutsetik sortua moldea. Politikan, maiz erabili zen 70eko hamarkadaren hondar hartan. Frankismo ostean jendea aurrenekoz ontzietara deitu zelarik, «Konstituzio honi ez» zioten afixaz bete zituzten kaleak HBk eta EEk. Gero, txanda helduta, «Estatutu honi ez» etorri zen. Ez da Mitxelena izan beharrik ulertzeko: ez ziren berez baztertzen; beste ezaugarri, eduki, hitz batzuekin, onargarriak zitezkeen.

Eta hala doakigu bizialdia, partitibotik zehatzera, gaiaren arabera ezartzen bata edo bestea. «Nuklearrik ez» zen oihua, ez dagoelako erdipurdiko atomorik; baina «Europa honi ez» zabaldu zen naroki, sinetsita bazela bestelako Europa bat eratzeko modurik, baina «Gerrarik ez», ez delako gerlarik nahi, izan hau, hori edo hura.

Orain, Donapaleun frantses Hezkuntza ministerioari planto egin eta desobendientzia zibilaren bidea hautatu delarik, ez da «brebetik eta baxorik ez» galdatzen, ezta «brebet eta baxo honi ez» ere. Eta nago, hala ere, «Brebeta eta baxoa euskaraz» hori intsumisioari hasiera eman zion «Ejerzitorik ez» haren pareko zerbait dugula, euskaraz aritze hutsa justizia bidetzat bihurtua delako, bai bederen ustezko normaltasun autonomikotik at denean, kaskoaren pegatina hura bezain amuarrain ibaian gora. Horra non gauden, zer eta azterketa bat egiteko. Nola zioen kantuak? Ezaren gudaz baietza sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.