Nola esaten duzue...? Geurea ez den beste edozein mintzoren maldetan gora hasi eta lehenbiziko egunean ikasi ohi dugun hitza da etxea. Etxerik gabe, zer zapaltzen dugu? Etxerik ez dela, zein naiz ni? Toki bat munduan diogunean, etxe baten inguruan eraikitako imaginarioa da osatzen duguna. Ez jabetzan nahitaez, baina etxe bat. Aterpea, abaroa, babesa. Kenduiozu etxea eta karten gaztelutxoaren moduan eroriko da pertsona. Horregatik biltzen dira auzotarrak etxekonekoaren defentsan. Horregatik eraisten ditu etxeak Israelgo armadak lurralde okupatuetan. Bonbaz Gazan, buldozerrez Zisjordanian.
Herenegun, gizon bat, gorpu, papera eta kartoia batzen zuen kamioiaren barruan, Orkoienen. Nola heldu den hara ikertzen hasi eta etxerik gabe bat zela ondorioztatu. Urtarrilean, antzeko gertaera Gasteizen. Jundizko zabortegian, kamioia husten ari zela ohartu zen gidaria norbait zegoela hondakin artean, besoa mugitzen omen zuen. Bizirik atera ahal izan zuten. Poligono berean, hamaika hilabete lehenago, hilda atera zuten zaramatatik beste gizon bat, «magrebiar jatorriko etxerik gabeko bat», ontziren batean lo geratu eta kamioiak zanpatua. Zabor-kontainerra zuten etxetzat hirurek.
«Gertaera tamalgarria», esango zaigu albistegietan, ondoren azaltzeko zer gaizki ari diren pasatzen murrizketekin»beren bigarren etxera» joan ezin dutenak. Herritar suminduak gau eta egun hedabideetan, Castrora, Landetara, Errioxara heldu ezinik. Halako Meditarraneorik! Zer eskubide zapalketa da hau. Baina hitzik ez, anekdotatik hara, zabor artean hildakoez. Hitzik ez, ez bigarren etxeaz, baizik eta lehena ere ez duten guztiez. Izan ere, etxebizitzaren politikaz mintzatu beharko litzateke, espekulazioaz, gazteen etorkizunaz, lan prekarioaz. Salatu egin beharko litzateke jendea, argitara atera zein diren babesgabeenen kontura gizendutakoak, eta nork nahi du lanetik arazorik eraman etxera.
LARREPETIT
Etxea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu