Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hernandez eta Hernandez

2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Itzal handia du Miguel Hernandezek oraindik ere. Hainbestekoa non itxuraz, hil edo bizikoa den poeta norbere ekipoan egotea. Valentzian ikusi dugu berriki, Docentes por la Libertad Lingüistica plataformak haren izena eta irudia erabili dituelarik Generalitatearen hezkuntza egitasmo berriaren kontra egiteko.

Balkoiak estaltzekoa bihurtu dute bandera. Antonio Buero Vallejok kartzelan egin zion erretratu ezagunaz apaindu da pankarta. Espainiar antzerkigilearen semeari baimena eskatuta, ez dute ezetzik jaso, nonbait. Hernandezen familiari ez zaio galdetu ere egin, seguru asko erantzunaren beldur. Halaxe salatu duLucia Izquierdo, poetaren errainak: «Mantxakoa naiz, Miguel Hernandezen bilobek valentzieraz egiten dute eta Valentziar komunitatean valentzieraz eta gazteleraz egiten da. Bi hizkuntzak ikastea kultura eta dibertsitatea da».

Mugak mugari deituta, eta letrak letrari, Pablo Antoñanaz oroitu naiz. Parekotasunak ez dira gutxi. Gazteleraz idatzi izan zuen beti, horixe baitzen hizkuntza ia bakarra Vianan ere, Oriolan bezalaxe, aspaldi zaharretik. Berebizikoa da perspektiba izatea. XX. mendeak ekarri zuena ekarri zuen, baina udazkenera helduta, euskara ikasi zuen. Hala mintzo dira haren etxean ondorengoak, Hernandezenean legez, beste ezeri uko egin gabe.

Gazteleraz idazte hutsagatik idazle bat (eta zein, gainera!)katalanez ikastearen kontrako bandera politiko legez erabiltzea zabarkeria handia da, eta gaiztoa. Badakigu zerbait hemen ere. Erdian, jendartearen zerbitzura behar lukeen irakasleriaren interes pertsonalak tartekatzen dira, Toni Canto bihurtzeraino hernandezale handiena: «Miguel Hernandezek gaur egun ezingo zukeen Valentzian argitaratu». Betikoan gaude. Hernandez ustez esklusibitatean duten horiek ezin onartu dute beretzat dutela beste batzuek ere. Ondare handiago baten baitan izatea. Horra aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.