Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Egin zaitez ertzain

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Luzea egiten ari zait kanpaina. Piztu irratia eta hortxe. Joan autobusa hartzera eta neu baino handiagoa afixa. Jesarri telebista aurrean eta jaseko neska-mutilak neuri so, hortzak zuri: «Egin zaitez ertzain. Zure etorkizuna da». Eta neure artean: baldar hago, zahar. Sakon hartu dut arnasa. Itxuraz, orokorra da deia, lan-eskainza baterako.

Ertzain «egitea», garai batean, ez zegoen edonoren esku. Bideek dute gogoan nola ibili ziren, Urolaldetik Arratiara eta aurreneko promozioetan batez ere, etxez etxe jende bila. Konfiantzako jendea nahi. Gutarrak. Gauzak bestela egiten ziren sasoiko usadioak. Infiltratuen beldurra ere, hor zegoen. Berrogei urte ondoren, gauzak aldatu egin dira, arean.

Orain handia da premia, eta jatorkeriak ahaztuta, sarea zabal bota beste erremediorik ez dago. Era batera edo bestera, Barne sailak azaldu edo ErNEko Roberto Seijok, analisiak, bat datoz funtsean. Trantsizioan martxan hasitako gurpilak bete du bere zikloa. Ertzain zaharrak jubilatzen ari dira edo ez daude kalean ibiltzeko. Eta beste hainbat lanbidetan bezala, urri dira bokazioak. «Egin zaitez ertzain» horrek antz handiegia du in illo temporeko «Egin zaitez apaiz» harena. Irratietan tabernariak elkarrizketatzen dituzte, ezin dutela bertako langilerik aurkitu barra atzerako.

Galderak, baina, hor segitzen du. Zergatik kanpaina alimaleko hau arlo publikoko beste lan-deialdietan ez bada horrelakorik egin? Jende falta da arrazoi nagusia? Hezkuntzan, kasu, inor gabe daude hizkuntza batzuetako ordezkatze-zerrendak. Prebisio faltagatik, irakaslerik ez, klaserik gabe ari dira geratzen ikasleak. Baina arrazoi du administrazioak. «Egin zaitez irakasle» leloarekin hastera, gauza larregi utziko luke agerian.

Eta ez datorkit beste arrazoirik nabarmenkeria honetarako, gauza baten aitzakian, poliziari prestigioa eman nahia baino. Baten batek zaindu behar gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.