Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Egungo begiz

2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Gertakari historikoak aztertzean, zioen atzo kazeta honetan Fernando Merino ekonomian doktoreak, zenbait arazorekin egiten omen dugu topo: lehenik, historia ofizialaren eta historia errealaren arteko desberdintasuna; bigarrenik, gertakarien interpretazioa; eta, hirugarrenik, gertakariak bere hartan entitatetzat jotzea, gertatu diren gizartetik bakartuta.

Eta nago hirugarren hori dela, hain zuzen, azkenaldian historiaren gaineko begirada kritiko baten beharrari behin eta birritan eman zaion erantzun bakarra. Urrunera gabe, hala katigatu dira iritziak azken asteotan Juan Sebastian Elkanoren «balentriaren» interpretazioan (betoz, bai, hiztegi etimologikoak gure mundu ikuskera biluztera). Ez omen dazilegi egungo begiz kritikatzea orain dela bostehun urteko gertakaririk; bestela esanda, hoztu gaitezen denok, beren garaiko pertsonak baitziren susmopean ditugun aitzindari haiek.

Argudiaketa bera erabili izan zen, konparazio batera, Peñafloridako kondearen eta Azkoitiko Zalduntxoen defentsan, 1766ko matxinadaren urteurrena zela-eta, haien izenak atera zirenean alearen espekulazioaren eta herri xehearen kontrako errepresioaren arduran: «Ezin da ordukoa egungo begiz epaitu». Horrela esanda, eta norberaren bizitzan azterka hasita ere, balio duen arrazoia dirudi.

Kontua besterik da, ordea. Jakina ezin litekeela iragana, bere horretan, egungo begiz epaitu; jendarteari eman ezin zaion bezalaxe gertakari historikoen ikuspegi sinpletu, motz eta hagiografikorik. Baina kontrakorik harrotu artean, hala hauspotu dira hemen zirkuak, topikoak eta negozio garaikideak urteak joan eta urteak etorri, gutxieneko analisi kritikorik gabe,geure memoriaren turista garela sinestarazi arte. Izan ere, zeren gainean dago bada eraikia gure pentsabide kolektiboa, zeren gainean gure bizimodua, orain eta hemen, biribila dela diogun mundu honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.