Jaurlaritzaren aurrekontuak. Eztabaida

Elkarrekin Podemosekin daude akordiorako «baldintza egokienak»

Eusko Jaurlaritzak esan du oposizioko talde guztiekin hitz egingo duela aurrekontuak adosteko

Erkoreka eta Azpiazu, atzo, aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak 2020rako egin duen aurrekontu proiektua ezagutarazi du, eta ostiralean hasiko da babesa lortzeko lasterketa. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, EH Bildurekin, PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin elkartuko dira. Baieztatu dute aurten ez dutela aurrekontuen luzapenik onartuko. Horretarako, «ahal dutenarekin» saiatuko diraakordioa lortzen, baina Elkarrekin Podemosekin ikusten dituzte «baldintza egokienak».

Aurreko urtean gertatutakoari erreparatuta —azkenean, ez zuten lortu aurrekontuen inguruko akordiorik EH Bildurekin—, egingo dituzten negoziazioak «bizi-biziak» izango direla espero du Azpiazuk. Erantsi du PPrekin negoziatzea ere ez dela «erraza» izango, azkenaldian egin dituzten adierazpenen ondorioz. Azpiazuk esan du akordioak «zailagoak» izan daitezkeela azaroaren 10eko hauteskundeen ondorioz ere.

«Genero ikuspegia eta jasangarritasuna ardatz hartuta» egindako aurrekontu proiektua dela baieztatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Hori Elkarrekin Podemosi egindako keinutzat interpretatu liteke. Izan ere, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko Legebiltzarreko bozeramaileak berak ere garrantzi berezia eman die bi puntu horiei: «Etorkizuneko erronkatzat dauzkagu klima aldaketa eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea. Ezin dute gehiago itxaron ».

Negoziatzeko prest

Oraindik egutegia zehazteko badago ere, oposizioko alderdiak negoziaziorako prest agertu dira.Martinezek esan du aurrekontuak babesteko prest daudela, betiere berdintasunera, ekologiara, diru sarrerak bermatzeko errentara... bideratutakoa beraiek nahi dutenaren antzekoa bada. Era berean, «oso positibotzat» jo dute jeltzaleek aurrekontuetan egin dituzten aldaketek Elkarrekin Podemosen hainbat eskaera kontuan hartzea. Orain, ordea, «kopuruak aztertzeko» garaia dela esan du Martinezek: «Guk eskatutako neurriak agertzen badira, badago elkarrizketarako tartea, eta uste dut etorkizuna egon daitekeela». Gaineratu du beraiei garrantzitsuak iruditzen zaizkien gai horietarako bideratzen den diru kopuruak soilik baldintzatuko duela babesa, eta azaroaren 10ean Espainiako Gorteetarako egingo diren hauteskundeek ez dutela eraginik izango: «Uste dut akats bat izango litzatekeela aurrekontuak babestea edo baztertzea hauteskundeetan lortzen ditugun emaitzen arabera».

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak ere adierazi du hitz egiteko prest daudela, betiere euskal gizarteak dauzkan «beharrei eta erronkei» erantzuten badiete aurrekontuek. Aurreko urtekoari erreferentzia eginez, gaineratu du beti eduki izan dutela kontuei buruz mintzatzeko «prestasuna».

Popularrak, berriz, ezkorrago agertu dira akordioak lortzeari buruz hitz egiteko garaian, eta zergak jaistea jarri dute negoziazioetarako baldintzatzat. «Gure baldintzak mahai gainean jarri ditugu, eta lehendakariak jakingo du bidea norekin egin nahi duen», gaineratu dute. Alfonso Alonso Euskal Autonomia Erkidegoko PPren buruak nabarmendu duenez, «ez dago aurrekontuak onartzeko baldintzarik», eta erantsi du EAJk «etsaitasuna» erakutsi duela PPk proposatu duen erreforma fiskalaren aurrean.

EAJk urte osoan beraiekin izan duen jarrera ere kritikatu du: «Urte honetan hartu dituzten erabaki guztiak eta egin dituzten keinu denak PP baztertzeko edo guri enbarazu egiteko egin dituzte». Gaineratu du EH Bildurekin itunak egin zituztela PPk gobernatzeko aukera zuen lekuetan eta udal hauteskundeak irabazi zituen herrietan, beraiek «botatzeko». «Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ukitzen ez bada eta zerga politikak zabaltzen ez badira, ezinezkoa izango da aurrekontuek gure babesa lortzea», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.